argia.eus
INPRIMATU
‘Bukaerako akordioa’ onartuta gertuago dago behin betiko bakea Kolonbian
  • Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EP gerrillak 50 urteko gatazka armatuarekin amaitzea adostu dute Habanan. 2012an hasi ziren negoziazioak eta orain behin betiko su-etena sinatuko dute bi aldeetako ordezkariek.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 23a
(Argazkia: ICTJ)

Amaitu da FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armada eta gobernuaren arteko gatazka armatua, 52 urtetan 300.000 hildako utzi dituena. Ekainaren 22an iragarri zuten Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta gerrillako buru Rodrigo Londoño Timochenkok Bukaerako akordioa. Gaurko egunez osatu eta berretsiko dute hitzarmena agintariek, beste estatu-buru batzuekin. Bake prozesuaren bermatzaile diren Raul Castro Kubako presidentea eta Borge Brende Norvegiako Atzerri ministroa izango dira bertan, esaterako. Baita Ban Ki-Moon NBE Nazio Batuen erakundeko idazkari nagusia, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Michelle Bachelet Txilekoa ere.

Bukaerako akordioa onartzeak ez du esan nahi behin-betiko bake akordioa sinatuko denik. Gaur hori noiz egingo den jakinaraziko dute –bi hilabeteren buruan egingo dela iragarrita dago– eta su-etena, armen entrega eta gerrillarien segurtasunaren inguruko puntuak zehaztuko dituzte.  

Gerrillarien gizarteratze prozesuari dagokionez, epe luzerako jardunbidea dela adierazi dute bake-prozesuko partaideek. Izan ere, FARC-EPko gerrillariak ez dira orain arte bezala arituko hemendik aurrera, eta NBEak egiaztatuko dituen kokalekuetara lekualdatuko dira. Identifikatu egingo dituzte eta armak erregistratu.

Herritarrek erreferendumean babestu beharko dute akordioa orain. 1984an hasi ziren Kolonbian lehen negoziazioak, eta hiru hamarkada geroago bakea lortu dela dirudi.