argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Bueltan berriz ere

Behe Banda 2024ko irailaren 09a
Irudia: Behe Banda

Aurten berriro esan diot neure buruari korrontearen aurka arraun egin daitekeela, abiapuntura itzultzea ez dela saihestezina. Gezurra zena sinistarazi nahi izan diot neure buruari, baina, borondatearen aurka, heldu gara berriz ere abiapuntura: “kurtso hasierara”, berriz ere. Amaitu dira aste nagusia, siesta amaigabeak, edo denbora galtzeak min egiten ez duen garaiak.

Hasi da, berriro ere, helmugarako espedizioa: hasi da urteroko estropada. Bakoitzak tokia hartu du bere traineruan, bere arraunaren azpian, eta ekin diogu arraunari, ia inertziaz, errutinari erritmoa hartu nahian, trakets, forma eta ohitura galduta. Asteburuko brisaren zain edo Gabonetako haize fresko boladaren esperoan egiten dugu arraun. Kalean oinutsik eta buruan kukurutxo bat daramatenak sumatzean esprinta besterik ez da falta. Ohiko bideari ekiten diogu, ez-ohikoa hartu behar ez dugulakoan helmugara iristeko. Ziabogarik gabe berriz ere korronteak hasierara itzul gaitzan bost aldiz azkarrago.

Amak esango lidake “gaitz erdi”, oporrak luzeagoak balira kontu korrontea zeroan geratzeko probabilitatea %100ekoa litzatekeela. Hainbeste bazkari kanpoan, hamaika bat kaña eguneko, edo Saloun astebete gehiago pasaz gero dena xahututa egongo litzatekeela. Baina ez du pentsatu orain unibertsitateko matrikula, rokodromoko kuota, Termodinamikako irakaslearen klaseetan ez lokartzeko kafe guztiak edo propaganda politikoa egitearren multa bat edo beste ordaindu beharko ditudala, edo zoritxarrez dituela.

"Urteak bi etapa baititu sisteman: oporrak eta ez-oporrak. Urte osoan ikasi edo kotizatu, kontua da produzitzea, kontua da oporrak izatea. Urte osoa arraunean pasa, arraun egiteari uzteko"

Urteak bi etapa baititu sisteman: oporrak eta ez-oporrak. Urte osoan ikasi edo kotizatu, kontua da produzitzea, kontua da oporrak izatea. Urte osoa arraunean pasa, arraun egiteari uzteko. Agujetekin, akaso bizkarra ere bidean galduta, denak merezi baitu oporretara iristeko. Denok Ithakara iritsiko garen arren, denok ez gara berdin iritsiko: batzuek fisiora joateko aukera izan dute bidean, bitaminak hartzeko aukera mina saihesteko helburuz. Beste batzuek ez. Hau baita ezarritakoa, behar beste lan egitea, ahalik eta opor gehien izateko, ahalik eta gehien disfrutatzeko.

Marea behean ikusteak bakarrik izutzen gaitu, baina itsasoa bare denean izutu beharko ginateke gehiago. Hori baita batzuon kasua, kurtsoan zehar klase partikularrak ematera dedikatu hilabetearen malda zeroan mantendu ahal izateko. Antzokiko sarrerak zazpi eurora igo direnetik konplikatu zaigu asuntoa. Kaña bat -2,5 euro, kafe bat (taberna egokia aukeratuz gero) -1,8 euro, fotokopia bat auzoan -0,1 euro orrialdeko (400 orriko apunteekin egin kontuak). Kontuko grafikoak gorakorrak izatea konplikatzen dabil, eta uda iristean amildegitik jausiko balira bezala amaitzen dute. Denboraldi osoa talde bakarrean egitea batzuetan ezinezkoa da, bi ekipotan sartzera bultzatuta sentitzen zara.

Azken finean, denon helburua da arraun egiteari uztea, arrauna uretatik atera eta itsaso barea begiratzea: oporrak izatea. Horregatik jarraitzen dugu oraindik arraunean, denok batera, koordinatuta eta helmuga berberari begira. Batzuk bi taldetan arraun eginda ere ez dira lehenago iritsiko. Ez dago gure esku, traineru batzuk jatorriz pisutsuagoak dira, arraunlari batzuk genetika txarrekoak dira, edota koordinazioa ez dute dohain.

Badaude sistemari uko egiten diotenak, korrontearen aurka igeri egiten duten atletak. Baita lanari uko egiteko bezain ausartak edo aberatsak; arraun egiteari uzten diotenak belaontzi bat dutelako, edo akaso bizitza osoa patera baten noraezean pasatzeko hautua egin dutenak arraun egiteari uko egin diotelako. Baina ni koldarra naiz, eta ia inertziaz, sistemako korronteari gidatzen utziko dion beste bat izango naiz: igual lanean hasi behar naiz.