Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta Nafarroako Gobernuarekin asteazkenean bilduko dira.
Ezkirozeko BSH lantokia itxiko dutela jakin dute astelehenean bertako 655 langileek, euren hitzetan, “shock handi bat”. Juanjo Hermoso de Mendoza LABeko ordezkari eta batzordeburuak azaldu duenez, Alemaniatik etorritako eta “altxortegiaz arduratzen den administratzaile bakar moduko batek” eman die itxieraren berri. Onartu du bazekitela “zerbait handia” zetorrela, “baina itxiera inondik inora ez”.
Ohar bat "hoztasunez" irakurrita jakinarazi diete langileei enpresaren itxiera: “Detaile horiek gizatasun oro kentzen dute, eta agerian uzten dute multinazionalen aurpegirik krudelena”, adierazi du langileen ordezkariak.
Enpresak lehiakortasun falta egotzi die langileei, “hori frogatuko lukeen bestelako daturik eman gabe”, langileen esanetan. Lantokien ekoizpen doikuntza bat egin eta Ezkirozko lantokia itxiko dutela jakinarazi diete. Langileen batzordeak bere desadostasuna azaldu du enpresak leporatutako lehiakortasun faltarekiko. Aurtengo martxoan prentsaurreko batean salatu zuten Iruñeko saltoki handietan Ezkirozeko BSHn ekoizten dituzten produktu berdinak topatu zituztela, baina taldearen Turkiako eta Poloniako lantegietan ekoitziak. “Balantze ekonomikoa ez da fabrikarena, BSH Electrodomesticos Españarena baizik. Enpresa handiek aukera dute finantza ingeniaritza egiteko. Hau deslokalizazio bat da, argi eta garbi”, adierazi du Hermoso de Mendozak.
Asteartean enpresa itxita egon da, eta goizeko 9:30etik batzordeko kideak bildurik egon dira hurrengo urratsak zehazteko. Ondoren jakinarazi dutenez, asteazkenean elkarretaratzea egingo dute Nafarroako Legebiltzarraren aurrean, eta larunbatean manifestazioa Iruñean, BSH ez itxi, Nafarroako industriaren alde lelopean, Nafarroako industriaren “egoera larria” salatzeko. “Ez gara bakarrak, Antolin eta Sunsundegi ere gaizki daude”, salatu dute.
BSHko operazio arduradun Pepe Justeri presazko bilera eskatu diote langileek. Gobernuak langileen alde presioa egin dezakelakoan, Mikel Irujo Industria kontseilariarekin eta Maria Chivite lehendakariarekin ere bilerak eskatu dituzte. “Enpresak atzera egin dezan, modu aktibo batean lan egin dezala eskatzen diogu. Jar ditzatela euren bitarteko guztiak Ezkirozko BSHn jarduera egon dadin eta lanpostuak bermatu daitezen”.