argia.eus
INPRIMATU
Bruselaren kitak ezkutatzen duena: simulakroak eskolan, “kooperazioa” militarrekin...
  • Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko martxoaren 27a
Hadja Lahbib Belgikako Kanpo ministro eta Europar Batasuneko Segurtasunerako komisionatuak, publizitate bideo umoretsu batez zabaldu du Bruselak herritarrei etxean gordetzeko kitaren mezua..

72 orduz ustezko gerra edo hondamendi batean aurrean “bizirauteko” kitak hartu du protagonismoa eta sortu du harridura gehien, Europako Batzordeak asteartean hainbat hedabideren bidez aurreratu eta asteazken honetan aurkeztu duen Europar Batasunaren Prestaketa Estrategia dokumentuan jasotzen diren neurrien artean. Baina bere asmoa ez da soilik jendea etxean MacGiver izatea, Hadja Lahbib belgiar komisionatuak bideo honetan irudikatu nahi izan duen gisan; Europar Batasuneko (EB) erakundeen eta herritarren artean militarismoa bultzatuko duen plana ere bada.

Aurkeztutako neurrien artean, adibidez, Bruselak proposatu du ikasketa planetan eta eskoletan instrukzioa edo “prestaketa” gehitzea, baita irakasleen artean ere, eta simulakroak egitea balizko arriskuen aurrean. Horretarako “EBren Prestaketa Eguna” izendatuko lukete. Gainera, herritarrak “sentsibilizatzeko” informazio panelak eta kanpainak ere aurreikusten ditu.

Bestalde, plan horren arabera “kooperazio militar-zibila” bultzatuko da. Funtsean, osasungintza, suhiltzaileak eta babes zibila bezalako zerbitzu publikoak militarren ondoan jartzea nahi dute, haiekin “aldizkako ariketak” egiteko. Hain justu, asteazkenean Espainiako Estatuko erakunde eta pertsona ezagun ugarik kaleratutako manifestuan testuinguru militaristek zerbitzu publikoetan “atzerapausoak” eragiten dituztela salatu dute.

Plan horren arabera “kooperazio militar-zibila” bultzatuko da. Funtsean, osasungintza, suhiltzaileak eta babes zibila bezalako zerbitzu publikoak militarren ondoan jartzea nahi dute, haiekin “aldizkako ariketak” egiteko

Planak aipatzen duen “kooperazioa” eremu pribatura ere eraman nahi dute europar mandatariek. Larrialdi bat dagoenean, adibidez, enpresek bermatu behar dute euren materialak eta zerbitzuak eskainiko dituztela eta oinarrizko ekoizpena ziurtatuko dutela. Horretarako lantalde “publiko-pribatu” bat sortuko litzateke.

Bruselak krisi garaietarako aurreikusi ditu neurri horiek, hala nola natur hondamendi bat edo pandemia bat dagoenerako. Baina aurkezteko unea aintzat hartuta, eta planaren testu-zirriborroan agertzen den moduan, batik bat “eraso armatu” bati aurre egiteko dago diseinatua. Batzordearen estrategia erreparorik gabe azaldu du Segurtasun Politiketako EBren goi ordezkari Kaja Kallasek: “Kooperazio zibil-militarra azkartzea eta gure kanpoko kideekin elkarlana estutzea da, NATO barne”.

Agian, jakiak eta botikak gordetzeko kita izan daite beldurra zabaltzeko eta Europaren berrarmartzea justifikatzeko gerra propaganda. Baina Europar Batzordearen plana erreminta-kutxa xalo bat baino gehiago da, herritarrak prestatzeko, hots, are gehiago kontrolatzeko ate arriskutsua ireki baitezake, eskubide zibilen kaltetan.