Bruselasko poliziaren arabera, 8.000 herritar elkartu ziren abenduaren 5ean, osasun neurrien aurkako manifestazioan. Amaieran, poliziak ur txorrotekin eta gas negar-eragileekin jazartu zituen eta sei pertsona zauritu eta hogei atxilotu zituen.
"II. Ekintza, Askatasunaren aldeko Martxa" zuen izenburua, baina askoz jende gutxiago bildu zuen azaroaren 21ean egindako manifestazioak baino: ordukoan 35.000 manifestari bildu ziren eta polizia ustekabean harrapatu zuten. Oraingoan poliziak hasieratik indar erakustaldia egin du, eta Europar Batasuneko egoitza zaindu du batipat, Burselasko Le Soir hedabidean irakur daitekeenez. Abendu hasierako manifestazioa modu baketsuan eta tekno musikaren erritmoan egina izan dela azaldu du, eta bukaeran izan zirela polizia eta manifestarien arteko liskarrak.
Manifestariak derrigorrez ezarri diren neurriak kritikatu dituzte, adibidez, hainbat denda eta ostatutara sartzeko derrigorrezkoa den osasun pasea, baita hedabideek gaiari egindako jarraipena ere. "Txertorik ez, eskerrik asko", "Covid = genozidio antolatua" edo "QR = esbastika" irakur zitekeen manifestazioetako karteletan, aipatu hedabidearen arabera. Manifestariek salatu dute osasun pasea "oinarrizko eskubideen aurkakoa eta diskriminatzailea dela" eta azpimarratu dute "birusa ez dagoela kontrolpean, baina herritarrak bai".
Batzuek diote ez daudela txertoen aurka, baina bai hauek derrigorrezko egitearen kontra. Izan ere, hurrengo urte hasieratik aurrera osasun langileak txertoa hartzera behartuak izango dira, baita suhiltzaileak ere. Azken hauek bat egin zuten manifestazioarekin, adieraziz Bruselasko taldearen bostenak (200 bat suhiltzaile) ezingo duela lanik egin pasea eskatzen bazaio.
Hona Le Soir hedabideak zabaldutako hainbat bideo: