argia.eus
INPRIMATU
Bruselan bi hilabetez gose greban diren migratzaileetako batzuek egarri greba hasi dute
  • Ostiralean ekin zioten hainbat pertsonak egarri grebari, bi hilabetez gose greba egin ostean. Tarte horretan aldaketarik gauzatu ez izanak motibatu du protesta areagotzeko hautua.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 21a
Argazkia: Bartholomäus Laffert

400 migratzailetik gora gose greban dira maiatzaren 23a geroztik, Bruselako San Joan Bataiatzailearen elizan eta Unibertsitate Askeko (ULB) bi campusetan eta Vrije Unibertsitatean (VUB). Belgikako Gobernuak migratzaileen erregulazioa bermatzea du xede protestak, baina bide horretan bi hilabeteotan aldaketarik egon ez denez, gose greban ari diren zenbait pertsonak egarri grebari ere ekitea erabaki dute. Ostiralean ekin zioten egarri grebari hogei bat pertsonak, eta adierazi dutenez, "dokumentazioa jasotzeko hil behar badugu, hil egingo gara".

Egarri grebari ekin eta gutxira, protestan direnen osasun egoera nabarmen hasi zen okerrera egiten. Hainbat izan dira ospitaleratu behar izan dituzten pertsonak, eta Gurutze Gorriak txosten bat igorri ostean, gobernuak osasun langileak bidali zituen elizara, arta eskaintzeko.

Sammy Mahdi Belgikako Gobernuko Asilo eta Migrazio idazkariarekin hasitako negoziaketek aurrera egiten ez zutela iritzirik ekin zioten gose grebari 430 migratzailek. Izan ere, Mahdi ez zen agertu erregularizazio kolektiboaz hitz egiteko prest. Gobernuz Kanpoko Erakundeen arabera gaur gaurkoz 476 dira greban dauden pertsonak, The Guardianek jasotzen duenez.

Gobernuak zein erabaki hartuko zain

Hilabete hasieran, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) giza eskubideen eta muturreko pobreziaren arduradun Olivier De Schutterrek grebalariekin egon zen bisitatu zituen, eta ostean NBEko migratzaileen giza eskubideen arduradun Felipe Gonzalezek gutuna helarazi zion Mahdiri. Azken hori ez da agertu migratzaileen erregularizazio kolektiboaren alde, kasu bakoitza banan-banan ikertzearen alde baitago.

Asteartean PS Alderdi Sozialistako presidente Paul Magnettek, aldiz, "aurrerapenez" mintzatu zen, Mahdik egoera kudeatzeko bitartekaria izendatu eta elkarteekin hitz egitea onartu ondotik. Ikusteke dago gobernuak zein erabaki hartuko duen.