Europako autogintzako industriaren geldialdiaren erdian Margrethe Vestager Lehiakortasunerako europar lehendakariordeak iragarri du Europar Batasuneko lehia-politika errebisatuko dutela estatuek mikrotxipen produkzioa diruz lagundu dezaten.
Autogintzako sektoreak 180.000 milioi euroko galerak izan ditzake Europan mikrotxip erdieroaleen faltagatik, zenbait kalkuluren arabera. Euskal Herrian ere ari gara sumatzen hornidurarik eza, oraingoz bereziki autogintzako lantegi nagusietan, Gasteizko Mercedes-Benz-ek, adibidez, abenduko azkeneko astea geldituko du horren ondorioz, kostuak bertako 5.000 langileengan jarriz, noski.
Gailu txiki horien eskasiak, baina, produkzio kate anitzagoetan ere eragin du eta Europako Batzordeak beharrezko ikusi du “hornidura iraunkor eta segurua” edukitzea, sorturiko “salbuespeneko” egoeraren aurrean eta ikusirik mikrotxipen eskaria “esponentzialki” haziko dela etorkizunean.
Hala, estatuek diru publikoz produkzio hori lagundu ahal izatea da asmoa, europar ekonomia komunitarioko lehia politikaren barruan erabat ez-ohikoa dena. Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioak azaldu duenez, hala ere, ez dira “txeke zuri bat” izango eta enpresen “jokabide desegokiak” zigortu edo akordioak betatu ahal izango dira. Gainera, txipen produkziorako ez ezik, ikerketa eta garapenerako ere bideratu ahal izango lirateke laguntza horiek.
Testuinguru horretan, Europako bi ingeniaritza-enpresa nagusiek, Siemens alemaniarrak eta Alston frantziarrak, eta bi herrialdeotako ordezkariek eskatu dute Europako lehia politika malguagoa izan dadila, multinazional horiek fusionatu eta munduko “erraldoiei” aurre egiteko. Oraingoz ezez erantzun du Vestagerrek. Hala ere, ez dira gutxi politika aldaketa horretan europar ortodoxia neoliberalaren eta lehia printzipioen amaiera ikusten ari direnak. Pandemiak azkartutako mundu mailako ekonomiaren paradigma aldaketa Europara ere iritsi da.
Europako Batzordearen helburua da munduko mikrotxipen %20 Europan bertan ekoiztea 2030 urterako, hau da, gaur egungoaren bikoitza. Horretarako lantegi erraldoiak eraikitzea aurreikusten du Bruselak, eta Bosch, Intel eta beste hainbat multinazionalek interesa agertu dute inbertsio milioidunak egiteko –azkenekoak 80.000 milioi euro hamarkada batean–
Ez dute erraza izango ordea. 90eko hamarkadatik Asiako hainbat herrialdek sektorean izandako gorakadaren ondorioz, gaur egun Taiwan, Hego Korea eta Txina dira txip erdieroaleen ekoizle nagusiak, eta herrialde horietan ere inbertsio milioidunak egiten jarraitzen dute –Hego Koreak bakarrik 400.000 milioi euro jarriko ditu–. AEBetan ere mikrotxipen ekoizpena “segurtasun nazionaleko” gaitzat hartu dute eta Arizonako Estatuan lantegi erraldoiak eraikitzen hasita daude zuzeneko finantzazio publikoarekin (52.000 milioi euro); gainera, Reutersen arabera, aztertzen ari dira %25eko kreditu fiskalaz ere laguntzea proiektu horiek.
Vestagerrek laguntza publiko eta lehiaren artean egin nahi duen ekilibrio ariketa ez da erraza, neoliberalismoaren soka dantzan jarri baitu krisi globalak.