argia.eus
INPRIMATU
Bruselak 140.000 milioi euro bildu nahi ditu konpainia energetikoak zergapetuz
  • Ursula von der Leyen Europar Batasuneko lehendakariak iragarri duenez, konpainia elektrikoen diru sarrerak mugatuko ditu eta energia fosilen enpresei zergen ezohiko irabaziak zergapetuko dira. Irailaren 30ean dute neurriez eztabaidatzeko ezohiko bilera, eta aurrera ateratzen badira historikoak izan daitezke.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko irailaren 14a
Ursula von der Leyen EBko Kontseiluko lehendakaria. (Argazkia: EB, CC-by-4.0.)

Orain arte oso gaitza izan dira beti halako neurriak, baina Errusia eta Ukrainiaren arteko gerrak zazpi hilabete egin behar dituenean, EBk energiaren sektorean esku-hartzea erabaki du. Batetik, energia berriztagarrien, nuklearren eta lignitioen bidez elektrizitatea ekoizten duten enpresen prezioei muga jarriko die.

Bestetik, energia fosilen salmentagatik azken hilabeteetan dirutza handia irabazten ari diren enpresen ezohiko irabazi horiek zergapetuko dira. Kopuruez ez da oraindik aipamenik egin, baina hainbat albiste agentzien arabera, irabaziei %33ko tasa aplika dakieke, eta energiaren salneurriari 180 euroko sabaia jarri megawatio batengatik. Azkenik, %10eko energia murrizketa derrigorrezkoa ere bultzatu nahi du EBk, erdia energia gehien kontsumitzen den orduetan.

Neurriokin, 140.000 milioi euro patrikaratu nahi ditu EBko altxorrak. Hori bai, gaur gaurkoz ez dago batere garbi estatuen jarrera zein izango den, orain arte horietako asko uzkur agertu baitira konpainiak zergapetzearekin. "Ez dago ongi konpainiek gerraren ondorioz irabaziak izan dezaten eta herritarrek gogotik ordaintzea", adierazi du EBko lehendakariak.

Gasa iaz baino hamar aldiz garestiago

Gerra egoerak biziki garestitu ditu prezioak, eta esaterako, gasa iaz baino hamar aldiz garestiagoa da gaur egun. Horrek ziurgabetasun handia sortu du herritarren artean, eta prezioei mugak jartzeko eskaria gero eta handiagoa da. Neurriek, dena den, kontraesanak sortzen dituzte eskuineko agintari eta politikari askoren artean: Espainian adibidez, konpainia energetikoak zergapetzearen aurka agertu zen astearte honetan PP, Kongresuaren gehiengoak zerga horien alde egin zuenean.

Edozein kasutan, 2008ko krisian bezala, badirudi erakunde publikoak gero eta neurri gehiago hartzen ari direla egoera bideratzeko eta energiaren gaiak eskuetatik ihes egin ez diezaien. Adierazle askoren arabera, ohiko arau bat errepikatzen ari da –Austriak mugak jartzen dizkio elektrizitateari, Eskoziak etxegabetzeak debekatu ditu, Frantziak hango konpainia elektriko handiena nazionalizatu du...–: sasoi oparoetan interes pribatuek dirutzak poltsikoratzen dituzte, eta une larriagoetan, esparru publikoak esku-hartzen du egoera bideratzeko dirutzak jarriz.