argia.eus
INPRIMATU
Bruselak 100.000 miloi euroko funtsa sortu nahi du enpresek langileak kaleratzea eragozteko
  • Europar Batasunean koronabirusaren krisiari erantzun bateratua ematea kostatzen ari den unean, Europako Batzordeak laguntzarako funtsa sortu nahi du estu dabiltzan enpresek langileak ez ditzaten kaleratu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko apirilaren 02a
ERTE ugari eskatu dira koronabirusaren krisia hasi zenetik, irudian, Tubos Reunidoseko langileak bilduta (arg: Hala Bedi)

EBko herrialdeetako liderrak muturka ari dira, koronabirusaren krisiaren kontrako plana ezin adosturik. Baina bitartean, beste erakunde komuntario batzuk urgentziazko neurriak hartu nahian dabiltza, gainean dugun hondamendi ekonomikoa nolakoa den adierazten du horrek. Europako Batzordeko presidente Ursula Von den Leyerrek langileen kaleratzeak eragozteko laguntza sistema berri bat aurkeztu du asteazken honetan bideo-konferentziaz, SURE izenekoa.

Bruselak uste du 100.000 milioi euro beharko dituztela oraingoan, batez ere Espainia eta Italiari laguntzeko, Politiko atariari Europako Batzordeko iturriek esan diotenez.

Eredua Alemaniako Kurzarbeit delakoa izango litzateke, hau da, kaleratzeak egin baino, lanaldia murriztea eta murrizketa horren kostuak langileak, Estatuak eta enpresek modu konpartituan hartuko lituzkete beren gain: langileak gizarte segurantza osoa eta lan egin gabeko orduen zati bat kobratu ahal izateko formazio bidez. Sistema horrek 2008ko krisian balio izan zion Alemaniari milioika lagun kalean ez uzteko –laneko dualitate eta soldata desberdintasunaren bizkar–.

Enpresariak albo batera utzi behar luke epe-motzean merkeagoa litzatekeen langileak kaleratzeko tentazioa

Ez litzateke, beraz, langabezia-sari bat, baizik eta laguntza bat eta lan-kontraturik ez litzateke hautsiko. Hori bai, langileak soldata murriztua ikusiko luke nolanahi ere. Aitzitik, horretarako, enpresariak albo batera utzi behar luke epe-motzean merkeagoa litzatekeen langileak kaleratzeko tentazioa, eta inbertsio moduko bat egin, gauzak bere onera datozenerako prest egoteko.

Baina, Euskal Herriko lan merkatua beste sagardotegi bateko upela da, Espainiako Estatuko lan-erreformak eskuak libreago uzten baitizkie enpresariei nahi dutena egiteko.

Hainbat adituren ustez, Kurzarbeit edo antzeko zerbait ezarri ahal izango litzateke, soilik derrigorrezko eginez gero, hau da, Economistas Frente a la Crisis erakundeak proposatu duen bezala, kaleratze kolektiboak debekatuz gero.

Europar Batasunean ez dago mekanismo bakar bat, herrialde bakoitzak berea du –Alemanian Kurzarbeit dute, Italian Cassa Integrazione Guadagni eta Espainian aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak, ERTEak–. Honek zailtasunak ekar ditzake laguntza ematerakoan eta "teknikoki afinatu" beharraz hitz egin du El País egunkariko korrespontsalak.

Dirutza hori guztia nondik aterako den ez dute zehaztu, bonoen bidez izango den eta nola eragingo dion "gastu-mugari", normalean murrizketekin lotu ohi den kontzeptua.