Arazoak pilatzen ari zaizkio Volkswageni. Duela astebete marka alemaniarraren 800.000 autok uste baino karbono dioxido gehiago isurtzen dutela argitaratu zen –horiei nitrogeno oxidoaren isurien eskandaluak zipriztindutako 11 milioi auto batu behar zaizkie–. Horren aurrean, Europako Batzordeko komisario Miguel Arias Cañetek CO2 isurien inguruko “irregulartasunak” argitu ditzan eskatu dio. Bruselak ez du baztertzen behin datuak ezagututa arau-hausteagatiko prozedura bat irekitzea.
El Paísen arabera, Bruselak jakin nahi du CO2 isurien kasuak zein auto modelori eragiten dion, azken hiru urteetan zenbat auto kaltetu diren, eta isuriak zenbatekoak diren. Informazio hori guztia helarazteko hamar eguneko epea eman dio Volkswageni. Batzordeko iturriek esan dutenez, zigor prozedura bat hastea ez dute aurreikusten, “ez eta baztertzen ere”. Erabakia behin onartutako isurketa maila zenbatean gainditu den jakinda hartuko dute.
Marka alemaniarrak hainbat auziri egin beharko die aurre hurrengo hilabeteetan. Izan ere, El Paísek jaso bezala, ustezko efizientzia energetikoaren truk diru laguntzak emanikoek beren inbertsioak berreskuratzea eskatuko dute. Enpresa eskandaluaren ondorioak pairatzen hasia da, burtsan batik bat. BNP Paribas-en arabera, isurien auziak 30.000 milioi euroko galerak ekar liezazkioke; 50.000 milioi eurokoak, beste iturri batzuen esanetan.