Urriaren 9an hil da Bruno Latour, filosofo eta soziologoa: pentsamendu ekologikoa berritu du, ez-gizakiak berriro politikara ekartzearen alde eginez. Bruno Latour bihurria zen. Intelektual handi honek ez zeukan ezer pontifikatzailetik, ez gogorretik, beregan dena zen borondate ona, baizik, jakinmin irribarretsu eta probokatzaile batek inspiratua. Izaera horrek ez dio eragotzi garatzea pentsamendu bat jada ‘mainstream’ denetan nagusi bihurtu dena, nahiz eta oso eztabaidatua izan zen hura garatzen hasi zenean “Ez gara inoiz izan modernoak” [Nous n’avons jamais été modernes] liburuarekin 1991n.
1947an jaioa, Bruno Latour 2022ko urriaren 8tik 9rako gauean hil da. Borgoinako ardo-merkatari familia batean jaioa, filosofia ikasi zuen, teologiarekin ere interesatuz –katoliko jarraitu zuen beti– baina zientziaren soziologiarantz ere bideratu zen.
San Diegoko (Kalifornia, AEB) ikerketa-laborategi batean behatzaile gisa lan eginez, Steve Woolgarrekin batera frogatu zuen laborategiko praktikak berak direla objektu zientifikoak eraikitzen dituztenak, hau da, ez dela errealitatea bere burua agerian uzten duena: errealitatea ikertzaileen aukera eta metodoetatik jariatzen dela.
“Laboratorioko bizia: egitate zientifikoen eraikuntza” [Laboratory Life: The Construction of Scientific Facts, 1979] liburuan adierazitako tesi honek plazaratu zuen konstruktibismoaren teoria. Teoria horren arabera, ez dago banaketa garbi bat zientzia gogorren eta zientzia bigunen artean, naturaren eta gizartearen artean, bi arlo horien arteko etengabeko elkarrekintza baizik. Ikuspegi honek bere adierazpen osoa erakutsiko zuen “Inoiz ez gara modernoak” [Nous n’avons jamais été modernes,1991] Bruno Latourren lehen obra handian: helduz modernitatearen kontzepzio klasikoari, zeinak baitio XVII. mendean mendebaldeko pentsamenduak batetik gizateria eta bestetik natura bereizi zituela, Latourrek ziurtatu digu diskurtso honek ez dituela bere objektuak azaltzen, ezagutza zientifikoa ezin delako inoiz izan independentea arlo sozialetik eta politikotik.
Ildo honek eraman zuen Latour birdefinitzera gaur egungo munduan politikak dauzkan desafioak. “Naturaren politika” [Politique de la nature] liburuan soziologoak dio Jainkoari esker natura hil egingo dela [“Dieu merci, la nature va mourir”], natura “gure etsai politiko bihurtu” dela, eta arrazionalaren eta irrazionalaren arteko bereizketa dela “politika paralizatzen duen droga”. Ondorioz, “izaki mutuen alfabetatze orokorrari ekin” beharra daukagula, “demokraziaren auzia ez-gizakiengana zabaltzea”.
Hain zuzen, natura/gizakia bitan banatzeari uko eginez –garai beretsuan Philippe Descolak antropologiaren bidez egin zuen moduan–, soziologoak gogorarazi du zientziak politikari uztarri paralizatzailea ezartzen diola: funtsean gizartetik desberdina den natura bat dagoela baieztatzean kontrajartzen baititu faktua eta balioa, zientzia eta ideologia, subjektua eta objektua ditu. Irrazionala izatea leporatzen zaio banaketa hauek arbuiatzen dituen edonori. Baina "Polizia epistemologiko" hori ez da gai aztertzeko gizarteari ate joka datozkion ez-gizakiei aurre egiteko, ez da gai moldatzeko gizakiek eta ez-gizakiek topo egiten duten egoerak, hala nola klima-aldaketa, transgenikoak edo landa eremura otsoa itzultzea.
Demokrazia ez-gizakiengana zabaltzea
Latourren aburuz, ekologiaren meritua da gai horiek agertoki publikoaren erdigunean jarri izana eta “ekologiaren berritasun politikoa” da "objektibotasun ororen krisi konstituzionala". Beraz, errepresentatibitate demokratikoaren logikak birdefinitu beharra dago, ez-gizakiei mintzarazteko bitartekoak aurkituz, zientziari betekizun berri bat aurkituz: ez pretenditu egia esatea, baizik eta itzultzea ez-gizaki mutu horien hizkuntza, tresnatzat erabiliz analisia eta esperimentazioa. Demokrazia gizakiak ez direnengana zabaldu behar baitugu, eta Konstituzio politiko berri bat ezarri.
Lan garrantzitsu horiekin eta Meategien Ikastetxean [Ecole des Mines] eta gero Zientzia Politikoen fakultatean [Sciences Po] irakasle egindakoarekin, Bruno Latour bihurtu zen intelektual aitzindaria, 2000ko hamarkadan kezka ekologikoen indar berria hitzez eta ideiaz hornitzea lortu zutenetako bat. Are gehiago, berotze globalaren gorakadak eraman zuen bere diseinua are gehiago zabaltzera. Jada gizakien bizia aztoratzen ari zirenak ez baitziren bakarrik zientziaren "objektuak", baizik eta Lurra bera ere bai. Latour eremu berri honekiko zaletu zen, James Lovelocken “Gaia” teorian oinarrituz; ideia honela laburbildu zuen Latourrek: "Lurra da multzo bat osatua elkarrekin garatu diren izaki bizidunez eta materiez, ezin dira elkarrengandik bereizita bizi eta gizakiak ezin die ihes egin”.
Latourrentzako, “gizakiaren ezagutzaren historian Lovelocken proposamen teorikoak badauka Galileorenak adinako garrantzia”. “Gaiaren aurrean” [Face à Gaïa] liburuan saiatu zen paradigma berri horren ondorio nagusiak definitzen: gaur bizi duguna ez da gainditu ahalko dugun krisi bat, munduaren egoera berri bat baizik: «Hau ez da ‘pasatuko’. Ohitu egin beharko dugu. Behin betikoa da».
“Non lurreratu” [Où atterrir 2017] obrarekin saiatu da oposizio politikoaren ardatzak birdefinitzen: banaketa ez dela gehiago eskuin/ezker, aurrerakoi/erreakzionario zatiketak, baizik eta ardatzak direla tokikoa/globala eta artifiziala/lurrekoa. Pentsamendu kitzikagarria da, baina, argi ikusi denean aberatsek nola ihes egin duten espazio komunetik, ez da gai izan erantzuteko horrek eragindako galderari: nola borrokatu aberatsek gizartearen mekanika osoa menderatzearen eragin pozoitsua. Jaka Horien [Gilets Jaunes] mugimendua analizatzerakoan ere, Latourren analisi bizigarria aurkitu da boterearen basakeriarentzako erantzunik gabe.
Alabaina, Bruno Latourrek jarraitzen du izaten bazter nahastaile miragarri bat, asko lagundu duena ekologisten galderei ematen maila handiagoa pentsamenduaren alorrean eta ikuspegi berriak. Pentsamendu indartsu eta indar-emailea. Faltan izango ditugu haren gizatasuna eta umorea.
Hervé Kempf (Amiens, Frantzia, 1957) kazetari eta idazlea da, aditu ezaguna ekologiazko aferetan. Reporterre aldizkari elektronikoko zuzendaria da. Hainbat libururen egilea, bere hiru azken obrak dira "XXI. mendeko ekologia" (L'Ecologie du XXI. siècle, 2020), "Leher dadila kapitalismoa: hura ala gu izango da hautua" (Que crève le capitalisme: Ce sera lui ou nous, 2020) eta "Nuklearra ez da ona klimarentzako" (Le nucléaire n'est pas bon pour le climat, 2022). Hona euskaratuta ekarri dugu Reporterren argitaratu duen "Bruno Latour, le chamboule-tout malicieux".