argia.eus
INPRIMATU
Brontzezko historia

Mikel Aramendi 2024ko maiatzaren 21a
Argazkia: Annabelle Chih/Getty Images

Beraientzat ekialdea izango den Mendebaldeko “lagunen” hitz goxo askorekin, baina egintza diplomatiko ofizialik ziztrinena ere gabe, eta mendebaldera geratzen zaien “etsaiaren” hitz garratz askorekin, baina arbuio-ekintza xumeena ere gabe, jabetu da Taiwango aginte gorenaz Lai Ching-te/Hsiao Bi-khim tandema.

Urtarrilaren 13ko hauteskundeak, presidentetzarakoak, irabazi ondoren hartu dute gobernua, baina DPP beren alderdiak Yuan Legegilea galduta. Etxe barnean oso baketsua izango ez den agintaldia iragartzen du egoera horrek, eta aztarnak agertzen hasi dira dagoeneko.

Baina badu agintari berriak katramila berezia, urrutitik antzematen zaila den horietakoa, baina ulertzen ere nekosoa ez dena, amaitu berri den Tsai Ing-wen andrearen (eta Lai beraren) agintalditik jarauntsita. Brontzezko historiaren korapiloa dei genezake. Egungo Taiwanek gorabehera asko eta asko baititu historiarekin, eta horietako bat brontze-harri-burdinezkoa da.

Premiazko betebeharra bilakatu da Taiwango DPPko arduradunentzat Chiangen estatuak eta gainerakoak lehenbailehen desagerraraztea

“Demokratikoki burujabe gobernatzen den irlak”, “Txinako Alderdi Komunistaren agindupekoa inoiz izan ez denak”, eta, bide batez, munduko beste edozein herrialde independenteren parekoa omen denak, baditu bere lurraldean, han-hemenka, Chiang Kai-shek/Jiang Jieshi-ren dozenaka –ehunka, esaten da– estatua, plaka eta oroitarri. Gerra zibila galduta, 1949an Taiwanen babes hartu zuen Ameriketako Estatu Batuen gerizpean, eta 1975ean hil arte diktadura gogorrez hura gobernatu zuen, Generalissimoa ez baitzen nornahi bere buruaren gurtza-kontuetan. Haren oinordekoak, Chiang Ching-kuo semeak ere 1988an hil arte agindu zuela kontuan hartzen badugu, errazago ulertuko da diktadorearen irudien ugaritasuna eta iraupena irla osoan.

Chiang eta demokrazia esaldi berberean ezezko klausularik gabe elkarlotzea, edo Txina eta Taiwan entitate politiko desberdinak liratekeela proposatzea, noski, haren ideia politikoen ezagutza oinarrizkoena ez edukitzea da. Eta horrexegatik, seguruenera, beren kasako oldozpenez edo AEBtik heldutako iradokizunez, premiazko betebeharra bilakatu da Taiwango DPPko arduradunentzat Chiangen estatuak eta gainerakoak lehenbailehen desagerraraztea.

Brontzean “idatzitako” historia ezabatzeak, ordea, ohi bezala, eragozpenak aurkitu ditu. Bat, espero zitekeena, haren alderdia izan zenaren, Kuomintang-aren oposizioa. Bestea, agian ezustekoagoa eta arriskutsuagoa izan daitekeena: armadaren ukoa bere erreferente nagusia litzatekeenaren oroitzapenari uko egiteko.

Gogoan izaten badugu Beijingek Taiwani buruz darabilen estrategiaren osagaietako bat dela irlako armada apalaren baitan etsipena ereitea, birbateratzea bakez ahalbidetzeko, erraz samar ulertzen da zein bihurria gerta daitekeen brontzezko historia.