argia.eus
INPRIMATU
Britainiarrek Francoren jeneralak erosi zituzten
  • Berriki desklasifikatutako dokumentu batzuek diotenez, MI6 espioitza zerbitzu britainiarrak jeneral espainiarrak erosi zituen Franco II. Mundu Gerran sar ez zedin. The Guardianek atera du albistea.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 24a
Britainia Handia beldur zen Franco ez ote zen Hitlerren alde II. Mundu Gerran sartuko (argazkia: lavanguardia.com)

Berriki desklasifikatutako dokumentu batzuek diotenez, MI6 espioitza zerbitzu britainiarrak jeneral espainiarrak erosi zituen Franco II. Mundu Gerran sar ez zedin. The Guardianek atera du albistea.

Dokumentuek diotenez, Samuel Hoare Madrilgo enbaxadore britainiarra beldur zen Francoren armada gerran Hitlerren alde sartuko ote zen. Hori dela eta, M16ek, “Juan March enpresari balearra” bitartekari zutela, egungo 232 milioi dolarren parekidea (180,1 milioi euro) ordaindu zien jeneral frankistei. Diru hori banketxe suitzar baten New Yorkeko kontutik atera zela jakin da.

Hoarek 1940ko ekainean “lehenbailehen” ordaindu beharreko diruaren zati bat eskatu zion Atzerri Ministerioari. “Espainia gerran sartu ala ez, gure ekintzaren bizkortasunaren menpe dago”. Ministerioko kideek dudaren bat izan balute, Lehen Ministro Winston Churchilli zuzenean galdetzeko gomendatu zien enbaxadoreak. Churchillek segituan eman zuen operazioari buruz zuen iritzia: “Noski, aurrera”.

Dokumentu horiek, Hoarek Kanpo Harremanetarako Idazkari Lord Halifaxekin izandako elkarrizketa ezkutuak ere plazaratu dituzte. Bertan, agente britainiarrek Espainiako errepublikar eta gerrillariekin izandako bilerak aipatzen dira. Britainiarrek matxinadara bultza nahi zituzten frankismoaren aurkakoak, Espainian tropa alemaniarrak sartuz gero.