Orain arte egindako hirugarren murrizketarik handiena izango da eta 2017rako orain dauden 102.000 soldadutik 82.000ra jaisteko helburua dute, XVIII. mendetik armada horrek eduki duen soldadu kopururik txikiena AFP agentziak dioenez. Estatuak 38.000 milioi libra (45.000 milioi euro baino gehiago) aurreztuko lituzke.
RTk jakinarazi duenez, Defentsa Ministerioak kaleratzeak azaltzen dituen komunikatuan jakinarazi du “egin ditugun kaleratzeak, armadan geratzen direnek etorkizunean etor litezkeen proiektuei aurre egiteko adina gaitasun badutela ziurtatu ostean egin ditugu”.
Soldaduen kaleratzeak noiz egingo dituzten ez dago argi, izan ere, Erresuma Batuak oraindik tropak ditu munduko hainbat herrialdetan. 2018rako erreserbako soldaduen kopurua 30.000ra igotzea nahi du.
Phillip Hammond Erresuma Batuko Defentsa Ministerioko idazkariak adierazi duenez, kanpoan egiten ari diren operazioek moldaketarik ez dute izango. “Armada txikiagoa izango da baina, behar bezala hornituta egongo da ez orain arte bezala”.