Brian Currinek gidatutako Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) iragarri du bere lana bukatu duela, agindu zitzaion lanaren parte handi bat bete dela ulertuta. Naiz-ek aurreratu duenez, hurrengo astean baloratuko dute Euskal Herriko gatazka armatuaren amaiera lortzeko taldeak egin duen lana.
2011. urtean jarri zen abian Harremanetarako Nazioarteko Taldea, “Euskal Herrian normalizazio politikoa lortzea “arindu, erraztu eta posible egiteko”. Astearte honetan iragarri du taldeak bukatutzat ematen duela bere lana, agindutakoaren zatirik handiena bete dela ulertuz.
Datorren astean, urriaren 16tik 18ra Euskal Herrian izango dira taldeko hiru kide, euskal gizartearen aurrean balantzea egiteko. Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall izango dira taldearen izenean hitz egingo dutenak.
Naiz-ek argitaratu duenez, balantze horren aurrerapen modukoa egin du jada HNT-k: “Ahalegindu gara euskal gizarteari laguntzen bakerako bidean eta gatazkaren konponbidean. Horretarako hainbat aldiz izan gara Euskal Herrian, bilera ugari egin ditugu eta elkarrizketa diskretuak ere bai aktore politiko nagusiekin. Era berean, bakerako bide horretan une erabakigarriak izan diren momentuetan parte hartu ahal izan dugu, 2011ko Aieteko konferentzia eta duela gutxi, 2018ko maiatzean, ETAren desegitea”.
HNT-ren erabaki honek segida ematen dio Ram Manikkalingam buru zuen Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen desegiteari.