Uda honetan Bretainian ibili ginen. Bereiziki, famatu bilakatzen ari den Notre-Dame-des-Landes-eko ZAD-an(1). Han, mundu osoko lagun anitz topatu ahal izan genituen. Gainera, proiektu zehatz batentzat Euskal Herriko hainbat jenderekin ZAD-an elkartu ginen : leku intergalaktiko bat sortzeko.
Historiaz
Bretainia « historikoa » Brest hiritik Clisson edo Naoned(2) arte hedatzen den lurralde bat da. Bretainiak, Estatu frantsesak martxan jarritako kolonizazioa jasan zuen, Ipar Euskal Herriak ezagutu duen asimilazio kultural gisan. III. Errepublikaren garaian, brezhoneg(3) hizkuntzaren aurkako errepresio handia izan zen, frantses hizkuntzak nazioaren batasuna bermatu behar izan zuelako. XIX. mendearen erditsuan frantses instituzioek eskola publikoaren bidez bere errepresio linguistikoa aplikatzen hasi zuten, brezhoneg hizkuntza eskolan debekatuz eta zigortuz. Horrez gain, hizkuntza baliogabetzeko abereen hizkuntza bezala kontsideratua izanen da. Prozesu hori Ipar Euskal Herriak bizi izan zuen euskararekiko.
Aldiz, borrokaren ikuspegitik euskara eta brezhoneg-aren bilakaerak ezberdinak izan ziren. Gaur egun Bretainian guttiengo bat bretoieraz borrokatzen da, horien artean Breizhistance(4) mugimendua eta 44 Breizh(5) kolektiboak nagusitzen dira. Zergatik?
Alde batetik, Bretainiako jendeari leporatzen zaio II. GM alemandarrekin kolaborazioan parte hartu izatea. Aitzaki hau baliatzen da erraiteko brezhoneg-ez mintzatzen denari eskuin muturrekoa dela. Beste alde batetik, publikoki « Bretagne » historikoa berreskuratu duen jendeak marka bat sortzeko egin zuen. « Produit en Bretagne »(6) lelopean Auchan, E. Leclerc (7), enpresa handiek, konparazione Bretainiako edozoin produktu (gehienetan industriala) saltzeko. Honek Bretainiaren lurraldetasuna kapitalismoari lotzen lortzen du beste mugimendu zabalago batek ez duelako lurraldetasun historiko hori eskatzen.
Bi fenomeno horiek azaldu zizkiguten, Bretainiaren lurraldetasuna eta Brezhoneg hizkuntzaren egoera hobeki ulertzeko. Bada.
Hizkuntzaz
Brezhoneg hizkuntzaren egoera larrialdi egoeran da. «Ofiz publik Ar Brezhoneg» (8) erakundeak zenbaki beldurgarriak helarazi zituen. Izan ere 2007. urtean, 206 000 mintzazaile zituen bretoierak, jakinez Bretainiak 3 milioi baino gehiagoko biztanleria zuela. Ipar Euskal Herrian(9), 2016an 51 200 mintzazaile ziren, 249 440-eko biztanleria batentzat. Bretainian, espazio oso guttik brezhonegez funtzionatzen du « Diwan » (10) eskolak aparte. Lagun batek kondatzen zaukun bretoiera entzutea ostatu batean, edari bat manatzeko bakarrik, iraultzailea zela, pentsa! Praktikarako leku gutti garatu ziren eta gaur egun, ezkertiar mugimenduak eramaiten dituen borroketan hizkuntza ez da gehiago ageri; eta nahikeri gutti da hizkuntza honen alde altxatzeko, ohitura linguistikoak irauliz.
Hain zuzen, Notre-Dames-des-Landes-eko ZAD-an bretoiera ez da entzuten. Are gehiago, leku aske sinboliko hontan brezhoneg hizkuntzaren alde ez da borrokatzen. Alderantziz, ZADera joan ginen lehen aldietan hizkuntza minorizatuetaz ari ginelarik, ondoan entzuten genituen ohar gehienak ziren: “nazionalistak”, “hetsiak” etab. Nolaz hizkuntza ezberdin bat mintzatzeagatik hetsiak kontsideratzen gintuzten zadistek? Jakinez, gehienek anitz hizkuntza ezberdin ezagutzen eta menperatzen genituela, ezkertiar iraultzaile hauen kezkak ez genituen ulertzen. Edo bai. Betiko frantses sistema zapaltzailearen eta nazionalistaren eragina ZADen ziren jende ezkertiar eta iraultzaileen burumuinetan. Harritzekoa?! Sistematik kanpo, Nazio Estatuaren zepoan erori ziren.
Glotofobiaz
Orain arte, hizkuntzen errepresioa kalifikatzeko hitz edo erranmolde bat eskas zen. Argi da kolonizazio prozesuaren barne den elementu bat izan zela frantses hizkuntzaren asimilazioa (Frantses estatuan; gaztelera izan zen bezala Espainiar estatuan), baina nola laburbildu daiteke egunerokotasunean hizkuntza minorizatu bat erabiltzen dugunok bizi dugun diskriminazio hori? 1998. urtetik goiti Philippe Blanchet-ek(11) glotofobia-ren (12) kontzeptua asmatu eta erabiltzen hasi zen. Glotofobia zer da? Oroitaraziz hizkuntzak mendekotasun eta botere joko eta bideak direla. Blanchet-ek « praktika espontaneoak » eta arau preskrituen arteko diferentzia ikertzen du (13). Kontzeptu horiek argitzeko adibideak emanen ditugu. Praktika espontaneoak, hain zuzen, arauetan sartzen ez diren praktikak dira konparazione “r” hau Euskal Herrian ezberdinki ahoskatzen dugularik, baita ere Frantzia Iparreko azentuak ez dira arauetan sartzen; horiek hizkuntzaren praktika espontaneoak deitzen ditu. Alderantziz, arau preskrituetan -frantsesez edo gazteleraz egiten duten- irratien hizkuntza da. Ikerlariarentzat azken arau horiek botere eta menpekotasun harremanak finkatzen dituzte.
Glotofobia, zilegitasunik gabeko hizkuntzen diskriminazioa da. Kontzeptu berri hau hizkuntza minorizatuentzat baliatua da. Horrez gain, hizkuntzak aipatzen dituelarik, Blanchet-ek hizkuntza bera baita azentuak ere bai analisatzen ditu.
Ikerlariak hizkuntzen diskriminaziotik pertsonen diskriminaziora pausoa egin nahi izan zuen. Zergatik? Blanchet-ek kontsideratzen duelako jendeek jasaiten dutela hainbat eraso konparazione mespretxua, herra edo baztertzea. Bukatzeko, lan hori glotofobiaren aurkako borroka bat eramaiteko egina izan zen. Horrez gain, elementu anitz ekartzen dauzkigu hizkuntza edo azentuak baliogabetzen dituztenei buruz. Gehiago jakin nahi bada France culture-n egin zuen emankizuna podcast gisa deskargatzen ahal da(14) eta bistan dena, liburu dendak berriz hornituko direlarik gomendatzen dut bere liburua irakurtzea.
ZAD-en adibidez, zer erantzunen dute erranen diegularik gure hizkuntz baliogabetzea diskriminazioa dela?
Oin-oharrak:
1) ZAD : Estatu frantsesarentzat « Zone d’Aménagement Différé » (Gerorako Antolamendu Gunea). Gobernu frantsesak aireportu bat eraikitzeko proiektu bat « babestu » zuen gunea. Borrokak zentzu berri bat eman dio gune honi « Zone À Défendre » (Defendatu Beharreko Gunea) deituz.
2)Frantsesez « Nantes ».
3) Euskaraz « bretoiera »
4) http://www.breizhistance.tv
5) https://44breizh.com
6) Itzulpena: Bretainian ekoiztua
7) http://www.produitenbretagne.bzh/annuaire-des-membres?field_company_profile_head_cp_value=&title=&page=4
8) Frantziak sortu duen hizkuntza minorizatuen instituzioa Bretainian. Ipar Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikoa deitzen da.
9) Euskararen Erakunde Publikoaren arabera : http://files.eke.eus/pdf/enquetes-sociolinguistiques-bachoc.pdf
10) Murgiltze ereduzko brezhoneg-eko eskolak – Euskal Herriko « Ikastolak ».
11) Hizkuntzalaria eta Soziolinguista, erakaslea Rennes II Unibertsitatean, Bretainian.
12) Frantsesetik iltzulia : « Glottophobie ».
13) BLANCHET, Philippe, Discriminations : combattre la glottophobie, Paris, Textuel, Petite encyclopédie critique arg., 2016, 192 p.
14) https://www.franceculture.fr/conferences/universite-bretagne-loire/discrimination-par-le-langage-une-violence-meconnue
Iritzi hau topatu.eus webgunean argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatu dugu ARGIAra ekartzeko