Londresko Gobernuak eta Europar Batasunak Brexiteko akordioan negoziaturiko azken aldaketek ez dituzte konbentzitu Erresuma Batuko parlamentuko diputatuak. Gehiengoak proposamenaren aurka bozkatu du oraingoan ere, irteera data martxoaren 29rako aurreikusita dagoenean.
Irlandan muga gogorrik ez dela egongo eta aduana batasunean jarraituko dutela iritzita, aurka bozkatu dute Theresa May lehen ministroaren alderdikide euroeszeptikoek eta DUP alderdiko unionistek. Hala, ezezkoa gailendu da eta emaitza ikusita, akordiorik gabeko Brexitaren aukera gero eta modu nabarmenagoan handitzen ari dela ohartarazi du Europar Kontseiluak.
Hain juxtu, akordiorik gabeko Brexita, Brexit gogorra, bozkatuko dute asteazken arratsalde honetan Komunen Ganberan, baina ez dirudi aukera hori gailenduko denik.
Hemendik aurrera zer?
Akordiorik gabeko Brexita ez bada aurrera ateratzen, irteera data atzeratzeko eskatzea izan daiteke aukera bat, baita hauteskundeetara deitzea ere. Orain arte ez bezala, Brexitaren inguruan bigarren erreferendum bat antolatzeko aukera ere aipatu du Theresa Mayk lehen aldiz.