argia.eus
INPRIMATU
Boris Johnsonek Brexita adostu du Europar Batasunarekin
  • Lehen ministro britainiarrak, Boris Johnsonek, aurreratu eta ondoren Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen buruak berretsi duenez, Erresuma Batuaren gobernua eta Europar Batasunarena heldu dira Brexitaren inguruan ados jartzera. Ituna, indarrean jar dadin, Erresuma Batuko eta Europako parlamentuek onartu beharko dute. Ipar Irlandako DUP unionistak ohartarazi du ez duela babestuko ituna.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 17a

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak gutun batean jakinarazi dio Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari Brexitaren negoziatzaileek akordioa lortu dutela, Erresuma Batua modu hitzartuan ateratzeko EBtik. Halaber, Bruselako goi-bileran bildutako buruzagi europarrei gomendatu die akordio-proposamena eta EBk Erresuma Batuarekin izango duen harremanari buruzko adierazpen politikoa babestea. "Negoziatzaileek", dio Junckerrek, "akordioa lortu dute Irlanda/Irlanda Iparralderako berrikusitako protokoloaren eta 2019ko urriaren 17ko Adierazpen Politiko berrikusiaren gainean".

Bi aldeek adostasuna erditu dute asteazken goizaldeko ordu txikietan, aste luzeko elkarrizketaren ostean eta gainean zutela Europar Batasuneko buruzagien goi-bilera ondo hasteko presioa.

Boris Johnsonek esan du Twitterrez: "Lortu dugu hitzarmen bikain bat [gure herrialdearen] kontrola berreskuratzen diguna. Orain parlamentuak berretsi beharko du Brexita larunbatean horrela ekin diezaiegun beste lehentasunei, hala nola bizimoduaren garestitzea, osasun sistema, delitu bortitzak edo gure ingurumena".