argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuko hauteskundeak 2019
“Brexit” zaleak eta Eskoziako independentistak garaile Erresuma Batuko hauteskundeetan
  • Brexita gauzatzeko aukera eskura du Lehen Ministro eskuindar Boris Johnsonek, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo absolutua lortu ostean. Alderdi Laboristak 85 urtean izan duen emaitzarik eskasena eskuratu du. Eskoziako Alderdi Nazionala da hirugarren indarra Erresuma Batuko Komunen Ganberan.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko abenduaren 13a
Boris Johnsonen Alderdi Kontserbadorea izan da hauteskundeetako garailea. Argazkia: WIRE DPA

Erresuma Batuko Lehen Ministro Boris Johnsoni jokaldia borobil atera zaio. Hauteskundeak aurreratuta, ostegunean garaipen nabarmena eskuratu du. Gehiengo absolutua lortu zuen 363 eserlekurekin, aurreko bozetan baino 47 gehiago. Emaitza horrek brexitari babes handia eman dio, eta aste gutxiren buruan Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko prozesua gauzatuko dela jakinarazi dute hainbat hedabidek.

Hauteskundeetako beste garaileak Eskoziako independentzia zaleak izan dira. Bertan jokoan zeuden 59 eserlekutatik 48 eskuratu ditu, eta Erresuma Batuko Komunen Ganberan bigarren erreferenduma negoziatzeko prest agertu dira. Publico hedabideak aditzera eman duenez, Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagi Nicola Sturgeonek mezua bidali dio Johnsoni, esanez “eskoziarrei etorkizun alternatiboa emateko betebeharra dudala onartu” behar duela.

Laboristak, galtzaile nagusiak

Johnsonen aurkari zuzena, Jeremy Corbynek adierazi du ez dela berriz aurkeztuko Lehen Ministro izateko hauteskundeetara. Alderdi Laboristak 1935etik izan duen emaitzarik eskasena da.

Irlanda iparraldean, Alderdi Unionista Demokratikoak (DUP) lehen indarra izaten jarraitu du zortzi ordezkarirekin, baina bi parlamentari galduta. Sinn Feinek lehen zituen 6 parlamentariei eutsi die. Galesen, bestalde, Alderdi Laboristak irabazi du, baina 28 eserleku izatetik 22ra igaroz. Plaid Cymru alderdi nazionalista eserleku kopuru berarekin geratu da: lau.