Alderdi laborista buru duen oposizioak Brexit gogorra ekiditeko lege-proiektua onartu du; asteazkenean hasiko da lege-proiektuaren gaineko eztabaida Komunen Ganbaran.
328 aldeko boto izan ditu Brexit gogorra ekiditeko lege-proiektuak, 301 ezezkoren aurrean. Lege-proiektu honek adostasunik gabeko Brexit posible bat debekatu nahi du, eta asteazkenean bertan hasiko dira honen inguruan eztabaidatzen Erresuma Batuko parlamentuan.
Onartutako mozioak Brexit-a atzeratu nahi du Erresuma Batuko gobernua eta Brusela adostasunera iristen ez badira. Oposizioak 21 parlamentari kontserbadoreren laguntza izan du eztabaida onartzeko; Boris Johnson lehen ministroak Bruselari lotuta egotea egotzi die, eta alderditik kanporatuko dituela esanez mehatxatu ditu.
Asteazkenean lege proiektua onartuz gero, Brexit-a hiru hilabetez atzeratzea lortuko du oposizioak, aurrez adostasun batera heltzen ez badira Johnson eta Europa. Mozioa onartu ostean, Johnsonek adierazi du ez duela lege-proiektua onartuko, eta hauteskundeak aurreratzearekin egin du mehatxu.
Johnson, lider populista
Komunen Ganbarako astearteko biltzarrean irtenbideak eskaini beharrean, Johnsonek adierazpen pizgarriak egin ditu, oposizioa asaldatuz. Lehenik eta behin, Europa makurtzen ari dela esan du Johnsonek, eta hasiera batean Europarentzat negozia ezina backstop-a gabeko Brexit-a lortu dezakeela.
Backstop izenekoak Ipar Irlanda Europar Batasunaren aduana espazioan mantentzea bilatzen du, Europar Batasunak nahi duena. Alderdi Kontserbadoreak, ordea, akordio hori gabeko Brexit-a nahi du, eta Johnsonen esanetan backstop-a bertan behera geratzea lortu dezake.
Horrez gain, adierazpen gordinak egin ditu oposizioaren aurka, baita oposizioarekin batera lege-proiektuaren alde bozkatu duten alderdikideen aurka ere. “Oposizioak proposatzen duena Jeremy Corbynen —oposizioko eta Alderdi Laboristako burua— errendizio legea da. Europar Batasunaren aurrean bandera zuria astintzea esan nahi du”, adierazi du Johnsonek. Aski dela ere esan du lider kontserbadoreak: “Aski da. Herriak guzti hau amaitzea eta erreferendumaren emaitza errespetatzea nahi du” esaten amaitu du.