argia.eus
INPRIMATU
Brexit gogorra gertuago: Johnsonek bost astez atzeratu du parlamentuaren jarduna
  • Ingalaterrako Elizabeth II.aren baimenaz parlamentuaren agenda legegilea bost astez atzeratzea lortu du Boris Johnsonek. Erabaki honek parlamentuak Brexit-ean eragin gutxiago izatea egingo luke.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 29a
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentuaren itzulera bost aste atzeratzea lortu du, Ingalaterrako Elizabeth II.aren baimenaz. Gauzak horrela, parlamentua urriaren 14an itzuliko da bere jardun legegilera, eta Erresuma Batuaren Europako irteera urriaren 31n amaitzea aurreikusten da.

Johnsonen mugimendu hau Brexit-aren inguruko erabakietan parlamentuaren eragina murrizteko izan dela diote oposizioko kideek, Erresuma Batuaren irteera Gobernuak nahi duen moduan joan dadin. Akordioa egon ala ez, Erresuma Batuak Europar Batasuna urriaren 31n utziko duela dirudi, parlamentuari lan egiteko asti gutxi utziz.

Erabakiak parlamentari asko asaldatu ditu, akordiorik gabe Brexit-a nahi ez dutenak batez ere. Parlamentari hauetako batzuek Johnsoni “diktadore” batek bezala jokatzea egotzi diote, “hil ala biziko une batean” parlamentuaren lana eragozteagatik.

Erresuma Batuko parlamentuaren webgunean ganbararen lana ez atzeratzea dioen eskariak 1.250.000 sinadura ditu jada; Komunen Ganbaran eztabaida hasteko eskari batek izan behar dituen gutxieneko sinadurak 100.000 dira.