argia.eus
INPRIMATU
Brexit “gogorra”, leiho berri bat Eskozia independentea EBn geratzeko?
  • Eskoziako  independentziaren inguruko bigarren erreferenduma prestatzen ari da SNP alderdia. Horretarako atzerriko laguntza beharrezkoa dute.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 26a
Manifestari bat Eskozia EBn geratzeko eskatzen (Arg.: losandes.com)

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak urtarrilaren 24an ebatzi du Brexita abiarazteko orduan parlamentariek badutela zeresana. Lisboako Itunaren 50. Artikulua, Europar Batasunetik ateratzea ahalbidetzen duena, eztabaidagai da egunotan eta auzitegiaren erabakiak eragina du Eskozia, Ipar Irlanda eta Galesen ere: Brexitaz erabakitzeko aukera ukatu zaie.

Horren aurrean, Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek eskoziarrek bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko garaia dela adierazi du: “Gero eta argiago dago hau Eskoziak egin beharreko hautua dela”. Halere, Sturgeonek jada ezeztatu du 2017an bigarren erreferendum bat egiteko aukera.

Brexit “gogorraren” ideia, hau da, merkatu bateratutik ateratzea gauzatzen den jakin arte ez da erreferendumaren aterik irekiko. Dudak dituzten hautesleak ez lirateke erreferendumaren alde agertuko hori baieztatu arte, New Statesmanen arabera.

Bere burua Europar Batasunaren barnean nahi duen Eskoziako gobernuak Brexita burutu baino lehenago lortu nahi luke independentzia, agian 2018an. Egun independentziaren alde eskoziarren %44 dago. SNPk, ordea, kanpainaren bitartez zenbaki horiek gora egitea espero du.

Kontuan izan behar da, Eskoziak gainontzeko Erresuma Batuko lurraldeekin dituen harreman ekonomikoetatik lortutako irabaziak Europar Batasuneko beste estatuekin lortutakoen laukoitza direla. Batasuneko aliatu ekonomiko nagusia Espainiako Estatua da, Eskoziaren independentziaren aurka kanpaina egin dezakeena, Kataluniaren independentzia-prozesua dela eta.

Irlanda izango litzateke bigarrena eta SNPk harreman ona du bertako gobernuarekin. Azkenik, Alemania. Eskoziarren ustez alemaniarrak gustura daude bizi duten egoeraren aurrean. Manfred Weber Europako Alderdi Popularreko presidenteak Brexitaren bozketaren ondoren honakoa adierazi zuen: “Geratu nahi dutenak ongi etorriak dira Europar Batasunean”. Alemaniako Europar Batasunerako Gaien Batzordeko presidente Gunther Krichbaumek ere antzeko hitzak erabili zituen.