Negoziaketa prozesu luzearen ondotik, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak Brexit-aren gaineko akordioa lortu dute azken minutuan.
Lau urte dira Erresuma Batuko herritarren artean egindako erreferendumetik, zeinetan Europako Batasuna uztearen aldeko hautua gailendu zen. Ordutik, negoziaketetan aritu dira Erresuma Batua eta Europar Batasuna, eta bidea azkenera heldu da: sinatu berri dute akordioa.
Asteazkenen gauez bi aldeek jakitera emandakoaren arabera, bien arteko etorkizuneko harremana xedatzen duen testua prest zuten jadanik, akordioa sinatzea besterik ez zen falta, eta hala egin dute Boris Jonshon eta Ursula Von Der Leyenek. Europar Batasuneko kideek osteguna eta ostirala bitartean eman beharko diote oniritzia.
Behin akordioa sinatuta, enbaxadoreei deitzea izango da hurrengo urratsa. 24 eta 48 ordu arteko epea edukiko lukete estatu kideek akordioa aztertu dezaten, beren oniritzia emateko. Urtea hastearekin batera akordioa behin-behinean aplikatzea litzateke Erresuma Batuaren xedea, gero Europako Parlamentuak babestu dezan.
Negoziaketan giltzarri diren zenbait aspektu izan dira mahai gainean. Horietako bat da araudiei dagokiena. Europar Batasuna irmo agertu da postura batean: Erresuma Batuak merkatu bakarrerako sarbidea nahi izatera, ingurumenaren, lanaren eta diru-laguntza publikoen gaineko araudia errespetatu beharko du, edo EBrenaren antzerako araudia izan. Ingurumen eta lan araudiak aldatzeko asmorik ez du agertu, ordea, Boris Johnsonek, baina zalantzak agertu ditu diru-laguntzen araudiei dagokienez.
Gatazkak daudenean bi aldeetako bakoitzak zer egin beharko lukeen adostea, horixe litzateke negoziaketan egon den beste giltzarrietako bat. Negoziazio prozesuaren hastapenetan, EBk nahi zuen Europako Justizia Auzitegiarena izatea azken hitza. Erresuma Batua kontrajarri egin zitzaion asmo horri ordea, eta ondorioz EBk amaitu du onartzen bere enpresek Erresuma Batuetako auzitegietara jotzea.
Arrantzari buruzko eztabaida ere izan da tarte guzti honetan giltzarri, puntu horretan kateatuta egon baita luzez negoziaketa prozesua, negoziatzaileek diotenez. AFP agentziak Frantziako Gobernuko iturriak aipatuz zabaldutako informazioan oinarrituz, hala dio Berriak: “Erresuma Batuak amore emango luke bere asmoetan, eta EBko ontziek sarbidea izango lukete Ingalaterrako eta Eskoziako uretan, baina egungo kuotak berrikusita”.
Herrialde askotako goi agintariek ospatu dute sare sozialetan akordioa, baita Europako Banku Zentraleko presidente Christine Lagardek ere.