argia.eus
INPRIMATU
Bretoieraren aldeko ‘Korrika’ ostiral honetan abiatuko da Finistèretik
  • Bi urtez jarraian ez egitea “eutsiezina” zela iritzita, Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa kalera ateratzea erabaki dute, osasun neurri zorrotzak betez. Euskal Herriko Korrikan oinarritua, 2008an hasi zuten ekimena Bretainian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko maiatzaren 20a
2008an ekin zioten Ar Redadeg antolatzeari Bretainian (arg.: AEK)

Bretoiera sustatzeko milaka lagunek hartzen dute parte bi urtean behin Ar Redadeg lasterketan. Iaz koronabirusaren krisiaren ondorioz bertan behera geratu zen, baina aurten egitea erabaki dute antolatzaileek, bigarren urtez jarraian ez egitea “eutsiezina” litzatekeelako.

Ekimena funtsezko bihurtu da bretoierari loturiko egitasmoak finantzatzeko. Lasterketako kilometroak norbanakoei, eragileei, erakundeei eta enpresei salduz, diru-ekarpena jasotzen dute eta azkeneko edizioan 130.000 euro baino gehiago bildu zuten. Horregatik, eta “sinboliko eta mediatikoki” ere garrantzitsua delako, erabaki dute korrikaldiari eustea.

Finistèreko Karaez (Carhaix) herrian hasiko da ostiral honetan, hilak 21, eta astebetez ibiliko da lekukoa herriz herri Bretainia osoan zehar maiatzaren 29an Gwengampera iritsi arte. Denera 2.020 kilometroko ibilbidea burutuko dute.

Baina horretarako segurtasun neurri zorrotzak bete beharko ditu lasterketak. Hala, lekukoa aurrealdeko furgonetan eramango da etengabe, eskuz esku igaro beharrean, eta lasterketan zehar antolatu ohi diren beste ekitaldiak ez dira egingo. Gauez ezin izango da lasterketa egin, baina gauez kilometroak erosi dituztenek, egunezko kilometroa erosi eta korri egin ezin dutenena hartu ahal izango dute.

“Burugogorrak gara eta oraindik nahikoa energia badugu amore eman gabe zailtasun horiek gainditzen saiatzeko”, azaldu zuten pandemiaren olatu betean martxoan Quimperren, Mendebaldeko Bretainian egin zen erreferendumaren aldeko manifestazio batean, Ar Redadeg egin egingo zela jakinarazteko. Apirilaren 3an koordinazio taldeak aho batez erabaki zuen antolakuntzari eustea: “Agian kilometro gutxiago salduko dira, baina nahikoak izango dira, gure ahalegin eta mobilizazioa erakusteko (…) erakutsiko dugu badugula energia, gure hizkuntzak bizitzeko indarra duen bezala”.  

Karaezen, lekukoa abiatzeko tokian, arratsalde osoko egitaraua antolatu dute, bisita, mahai-inguru eta animazioarekin. 18:00etan ekingo zaio lasterketari.

Korrika oinarri

Ar Redadeg lasterketa 2008an hasi zuten eta Euskal Herrian egiten den Korrika izan zuten oinarri. Lehendabiziko lasterketa hark 600 kilometro egin zituen Nantesetik Karaezeraino.

AEK-Korrikak azaldu duenez, aurtengo edizioan bretoieraren aldeko ekimenean hartuko dute parte eta kilometroa erosi dute hilaren 28an, ostiralarekin, “ahizparen” ondoan korrika egiteko.