argia.eus
INPRIMATU
Bretoierak hiztunen erdia galdu du sei urtean, azken ikerketaren arabera
  • Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko urtarrilaren 28a
Ar Redadeg Euskal Herriko Korrikaren pareko ekimena da. Bretoiera gizarteratzeko ekimen garrantzitsua da. Jakes Larre.

Bigarren aldia da Bretainian bretoieraren eta galoaren ezagutza eta erabilera aztertzeko ikerketa soziolinguistikoa egiten dutela. Hala, emaitzak konparatzeko moduan dira, eta ez dute pozerako edo lasaitasunerako aukera handirik ematen.

Iritzi-inkestak eta -azterketak egiten dituen TMO institutuak 2024ko abuztutik azarora bitartean telefonoz galdekatu zituen 8.336 bretainar. Haiek emandako erantzunak kontuan hartuta, bretainiarren %2,7k dio bretoieraz oso ondo edo nahiko ondo hitz egiteko gai dela. 2018ko ikerketan %5,7k eman zuen erantzun hori. Duela sei urte hiztunak 214.000 baldin baziren, gaur egun 107.000 dira. Hizkuntzaren ezagutza datua da hori.

Hiztuna duela sei urte baino gazteagoa da, batez beste. 2018an batez bestekoa 70 urte bazen, 2024koa 58,5 urte izan da. Gaztetzea gertatu da kontrako noranzkoan doazen bi gertaerengatik: batetik, 70 urtetik gorako hiztunak gutxitu dira heriotzen ondorioz, eta bestetik, 15-24 urte arteko hiztun kopuruak gora egin du eta 25-39 urte artekoen kopurua mantendu egin da.

Hizkuntza ikastetxean ikasten dute

Familiako transmisioak behera egiten jarraitzen du. 2018tik 2024ra hamar puntuko beherakada izan du. Aldiz, haurrak ikastetxeetan ari dira bretoiera ikasten. Sei urteko tartean hamar puntuko igoera izan du. Hizkuntzarekiko duten atxikimenduaz galdetuta, emaitza bere horretan mantendu da: %64k dio bretoierarekiko atxikimendua sentitzen duela. %49k uste du datozen hamar urteetan bretoieraren erabilera mantendu egingo dela edo gora egingo duela.

2019an, Jonmikel Intsausti kazetariak bretoierazko murgiltze ereduan irakasten duten Diwan izeneko eskola bateko zuzendaria elkarrizketatu zuen. Elkarrizketa horretan argi azaldu zuen Marc’harid Bouffaut-Merdy zuzendariak familiako hizkuntza-transmisioaren etena eta eskolaren bidez hizkuntza biziberritzeko ahalegina: “Ikasleen gurasoen %90 ez da bretoiera hiztuna”.

Galoa motelago doa beherantz

Bretainian, bretoieraz gain hitz egiten den beste hizkuntza da galoa. Gaur egun 132.000 hiztun ditu, biztanleen %3,3. 2018tik 1,8 puntuko beherakada izan du. Datu hori kontuan hartuz gero, gaur egun galo hiztunak gehiago dira bretoiera hiztunak baino, bretoiera 107.000 lagunek baitakite. Galo hiztunak, bretoierarekin gertatu den bezala, duela sei urte baino gazteagoak dira batez beste. 60 urtetik 56,5era egin du behera.