Bretainia osatzen dituzten lurralde guztiak departamentu berean elkartzeko aukerari buruzko erreferenduma egin nahi du Bretainiako Kontseiluak.
Bretainia eskualdeko presidente Loig Chesnais-Girardek, Alderdi Sozialistako (PS) kideak, asmoa ahalbidetzen duen legezko ekimena aurrera ateratzea lortu du berriki. Bere aburuz, proposamenak “ahobatezko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzen” lagunduko omen du. Bretainiako Kontseiluan PSren Gobernuak duen gehiengoari esker onartu da ekimena.
Frantziako Errepublikaren egungo lurralde antolaketaren ondorioz Bretainia historikoa bitan zatituta dago: batetik, Bretainia eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena (berde-horia, irudian); bestetik, Loire-Atlantique departamentua (berde ilunagoa, irudian): Naoned du hiriburu eta Pays de la Loire (Loirako herria) eskualdearen partea da.
Erreferenduma gauzatzeko, Bretainia eskualdearen eta Loire-Atlantiqueko departamenduaren baiezkoak beharko dira. Lehenak bere oniritzia eman izan du, alta, bigarrenak ez. Areago, Loire-Atlantiqueko Kontseiluak ezezkoa eman zuen duela bi urte egindako bozketan.
Bretainia zatituaren kontrako mugimenduek 100.000 sinadura bildu du eta Loire-Atlantique departamendua Bretainia eskualdean sartzeko galdeketa egin dezala eskatu zion Loire-Atlantiqueko Kontseiluari. Emaitza baina, hauxe izan zen: 62 kideetatik 30ek kontra bozkatu zuten. Hamahiruk alde. Hamabost abstenitu ziren. Lauk ez zuen parte hartu.
Oraindik orain, Batasunaz arduratzen den batzorde batek erreferenduma gauzatu ahal izateko beharrezko dirua bideratzeko modua landu du. Isabelle Le Bal kontseilaria (MoDem alderdi zentristakoa) eta Jean-Michel Le Boulanger kontseiluko lehen presidenteordea (PSkoa) buru dituen lantaldeak aditzera eman duenez, “Lurralde kolektibitateen zatiketa auzia demokratikoa da eta era demokratikoan egin behar zaio aitzi. Beraz. herritarren iritzia entzun beharra dago”.