argia.eus
INPRIMATU
Bretainiaren batasunaren alde manifestazio jendetsua deitu dute irailaren 27an
  • Loire-Atlantique departamentua Bretainiarekin batzearen alde manifestazioa deitu dute hilaren 27an Nante hiruburuan. Gaur egun, administraboki Pays de la Loire eskualdearen baitan dago. Frantziako Gobernuari batasunak jende ugariren babesa duela erakusteko, orain arteko mobilizaziorik jendetsuena izatea nahi dute.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 11
Batasunaren alde aurtengo apirilean egindako mobilizazioa. (Arg.:mrscottyl.blogspot)

Bretainiako hainbat alderdi eta eragile Loire-Atlantique gainontzeko departamentu bretoietara batzearen alde ari dira lanean. Orain Frantziako Gobernua lurralde erreforma berria aztertzen ari direnean, herrialdearen batasuna parlamentari frantsesen agendan kokatu nahi dute.

Loire-Atlantique departamentua Pays de la Loire eskualdearen baitan dago egun. Nantes da hiriburua eta antzinako Bretainia banatzean sortu zen bost departamentuetako bat da.

Manifestazioaren deialdiak hainbat elkarteren babesa eskuratu du, tartean, 50.000 kide dituen Kevre Breizh kultur elkartearena. Batasunaren bultzatzaile garrantzitsua da Kevre Breizh. Kultura, hizkuntza, gizarte garapen eta beste arlo batzuen eskumenak erakunde bretoien esku uztearen aldeko defentsan aritzen da.

Irailaren 27rako deialdia “Bost bider luzeago” izenpean egin dute, iaz baino bost bider jende gehiago bildu asmoz.