argia.eus
INPRIMATU
Bretainiako hamabost gaztek bretoieraz egin dute matematika froga, debekatu dieten arren
  • Karaezko (Bretainia) Diwan ikastolako hamabost ikaslek baxo azterketako matematika frogari bretoieraz erantzun diote, nahiz eta hori debekatuta dagoela ohartarazi dieten. Beren hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute, horretarako etsaminean 0 ateratzeko arriskua beren gain hartuta.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 25a
Ouest France egunkariaren argazkian, bretoiera zanpatzen duen legea urratzeko ausardia izan duten hamabost ikasleetatik hamahiru.

Ekainaren 22an pasatu behar zuten Diwan [Bretainiako ikastolak] sisteman ikasi duten gazteok batxilergo froga. Haren aurrean garbi adierazi zuten: matematikako azterketako galderak bretoieraz erantzungo zituztela, batxilergoa beren hizkuntzan pasatzeko eskubidea aldarrikatuz. Bi urte dira Bak e Brezhoneg batzordea ahalegintzen dela agintari akademiko frantsesek ikasle bretoiei eskubide hori aitortu diezaieten, orain artean administraziotik erantzun egoki bat jaso gabe.

Azkenean, zenbait mobilizazioren ondoren, gazteok erabaki dute zezenari adarretatik heltzea, zalaparta puska bat sortuz Bretainian bezala Frantziako estatu osoan ere, non hizkuntza bakarraren ofizialtasuna auzitan jartzerik ez duen sekula onartu estatuak.

Beren erabakia justifikatzeko ikasleok argudiatu dute ez dutela gauza oso berezirik eskatzen, Ipar Euskal Herrian (hemen ere hizkuntza ofizializatu gabe batean) gazteei baimentzen zaielako matematiketako frogak euskaraz egitea. "Errepublikako presidentea –esan diete kazetariei gazteek– pasatu berria da Bretainiatik aipatuz 'pacte girondin' delakoa [Frantziako estatuko lurraldeei beren berezitasunak aitortzekoa], baina garaia da ikus dadin ea hitz hutsak diren".

Diwan bretoiezko eskolen sareko lehendakariak esker ona adierazi die hamabost gazte intsumituei: "Gure hizkuntzak etorkizunik baldin badu, zuei esker ere bada".

Gezurra dirudien arren, ia 40 urte pasatu dira, baxoa bretoieraz egin ahal izatea, eta Frantziak ez du bere eskua askorik mugitu. 1979an Gilles Quillevere gazteak egin zuen gaurko 15 gazteon ekintza bera, etsamineko galderei bretoieraz erantzutea. Bideo honetan entzun daitezke Quillevereren orduko iritziak. Garai hartan mugimendu armatu txiki bat bazen Bretainian, FLB Bretainiako Askapenerako Frontea. Militanteek beren armak isildu zituzten, Parisko agintariek berenak ez.

"Bak e Brezhoneg!", batxillergoa bretoieraz egiteko eskubidea aldarrikatzen ikasleek eskegitako banderola.