argia.eus
INPRIMATU
Bretainiak Interneterako luzapen propioa lortu du
  • ICANNek (Interneteko izen eta zenbakien esleipenerako erakundea) bart gauean eman du albistea: “Hamar urtez lan egin ostean, Bretainiak Interneterako luzapen propioa erabiltzeko baimena lortu du: .bzh”.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 13a
Hamar urtez aritu dira lanean .bzh domeinua lortzeko (argazkia: fr.novopress.info)

www.bzh elkarteak eta Bretainiako Lurralde Kontseiluak emaitza modu positiboan baloratu dute, 2004tik gaur arte hainbat eragilek egindako lan gogorrak emandako fruitua izan dela esanez.

Pierrick Massiot Bretainiako Lurralde Kontseiluko presidenteak honako adierazpenak egin ditu: “www.bzh elkarteko boluntarioei esker ona adierazi nahi diet proiektuaren alde denbora luzez egindako esfortzuarengatik, horri esker gure berme osoa lortu baitute”.  Kontseiluak, bestalde, 250.000 euroko diru laguntza emateko konpromisoa hartu du.

David Lesvenan www.bzh elkarteko presidenteak, bestalde, eskerrak eman dizkie proiektua aurrera eramaten lagundu duten guztiei: “Emaitza positibo hau gure jarduera luzeari egindako onespena da. Proiektu hau aurrera ateratzea ez zen posible izango Bretainiarren laguntzarik gabe: agintaritza lokala, Lurralde Kontseilua, Bretainiako hizkuntza eta kultura elkarteak… eskerrak eman nahi dizkiegu denei euren konfiantzagatik”.

Eta Euskal Herrian zer?

Iazko ekainean ICANN erakundeak domeinu berrietarako eskarien onarpena argitaratu zuen. Horien artean .eus Interneterako euskarazko domeinua zegoen. Horrek ez du esan nahi luzapena dagoeneko onartua dagoenik; eskaria ebaluatua izango dela baizik. PuntuEus elkarteak euskal kulturan eta hizkuntzan diharduten eragile askoren laguntza jaso du proiektua aurrera eraman bitartean.