argia.eus
INPRIMATU
Brebetaren zientziako azterketa euskaraz egin ezin dela salatzeko jende katea deitu dute
  • Aurten ere brebeta probaren zientziako azterketa euskaraz egiteko eskubidea ukatua zaiela salatu dute Seaskako kolegioetako hezkuntza komunitateek eta hori konpontzeko eskatuz jende katea osatuko dute maiatzaren 19an Baionan, Kanbon, Larzabalen eta Urruñan.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 18a

Enbata-n argitaratutako iritzi artikuluan azaldu dute Seaskako kolegioetako hezkuntza komunitateek, brebeta euskaraz egiteko afera zertan den:

"Brebeta osoki euskaraz izatea, frantses azterketa izan ezik, aspalditik lortu den urratsa da eta hori 90. hamarkadan izan zen mobilizazio azkarrari esker. Orain bezala, garai hartan euskaraz idatzitako kopiak ez ziren zuzenduak izan eta ondorioz 3.eko ikasleek ez zuten BEPC diploma erdietsi. 1994 urteaz geroztik, Matematika eta Historia Geografiako azterketak euskaraz idatziak eta zuzenduak dira legearen babespean.

Dakizuenez, 2016ko kolegioaren erreformaren ondotik, zientzia arloko gaiak (Fisika-Kimika, Teknologia eta Bizia eta Lur planetaren zientziak) idatzizko Brebeta frogaren parte dira, Frantsesa, Matematika eta Historia-Geografiarekin batera.

Alta, ez da zientzietako azterketaren kasua. Izan ere, gai hauek ikasten duten hizkuntzan pasatzeko eskubidea urratua zaie gure ikasleei. Lehen urtean azterketa horiek zuzenduak izan baziren ere, ondokoetan kopiak bahituak, Bordalera eramanak eta euskaraz ez zekiten inspektore pedagogikoengandik zuzenduak izan ziren. Irizpide gisa, zenbakiak hartu zituzten eta latinezko erroa zuten hitzak…"

Maiatzaren 19an jende katea lau herritan

Bihar, asteazkenez, 12:15etatik 12:30 arte jende katea egingo dute "gure herriko haurren eskubideak gehiago ez urratuak izateko, gure hizkuntzari zuen sostengua adierazteko eta gure ikastoletako ikasleek pairatzen duten injustizia eta zentzugabekeria deitoratzeko", lau gune hauetan: Baionan, Santi Izpiritu zubian; Kanbon; Lartzabalen; eta Urruñan, Euskal Hirigune elkargoaren aitzinean.

Eskualdeko auzapez eta udal-hautetsiei gutuna bidali diete Seaskako kolegioetako hezkuntza komunitateek, “Brebeta euskaraz” aldarrikapenarekin bat egin dezaten.