argia.eus
INPRIMATU
Brebeta osorik euskaraz egin ahal izango dute aurten Seaskako ikasleek
  • Zientzietako azterketa euskaraz egiteko aukera onartu dute. Seaskako 270 ikaslek egingo dute azterketa ekainaren 26 eta 27an. Baxoa euskaraz egitearen inguruan ez dago berririk, eta Seaskak borrokan jarraitzeko deia egin du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 20a
Azterketak euskaraz egitearen alde Donapaleun egindako mobilizazioa. (Argazkia: Kazeta)

Seaskako ikasleek euskaraz egin ahal izango dute Brebetako zientzietako azterketa aurten. Joan den asteburuan eman du aditzera erabakia Vincent Bru Frantziako Asanbladako diputatuak Twitterren, eta Pap Ndiaye Hezkuntza ministroaren erabakia txalotu du. 

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak adierazi du "izugarrizko garaipena" dela, eta azken urteetako mobilizazioen lorpena dela aldaketa. Sare sozialen bitartez jaso du berria Seaskako lehendakariak ere, eta adierazi du "onartezina" dela modu horretan izatea erabakiaren berri.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa amaitu ondoren egiten den proba da brebeta, hurrengo ziklora pasatzeko ikasle guztiek egiten dutena. Aurten ekainaren 26 eta 27an izango da, eta Seaskako 270 ikaslek egingo dute.

Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) ordezkariak, Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak bildu ziren irailean, eta mahai gainean jarri zuten brebeta euskaraz egiteko aukera. Ministerioko ordezkariek esan zieten "arrazoizko epeetan" erantzungo zietela. Otsailean, oraindik Hezkuntza Ministerioaren erantzunik ez zela ikusita, Seaskako guraso eta langileek Bordeleko errektoretza blokeatu zuten, azterketak euskaraz lelopean.

Baxoa, oraingoz frantsesez

Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa amaitzean baxoa egiten dute Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikasleek, unibertsitateko ikasketak egin ahal izateko. Gaur egun ez dago baxoa euskaraz egiteko aukerarik, 2017ra arte ikasleek Matematika eta Historia-Geografia euskaraz egiten bazituzten ere. Aurten, Seaskako 120 ikaslek egingo dute azterketa hori, baina ez dago probaren hizkuntzaren inguruko berririk. Seaskak borrokan jarraitzeko asmoa adierazi du "baxoa ere euskaraz izan arte". Hala, elkarretaratzea egingo dute astelehenean Etxepare lizeoan.