argia.eus
INPRIMATU
Brebeta zuzentzeari uko egin dio Seaskako irakasle talde batek
  • Ikasleek brebeta euskaraz egiterik ez dutela salatzeko azterketak zuzentzeko deialdiari uko egin diote Seaskako hainbat irakaslek, iaz abiatutako desobedientziaren bideari jarraiki.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 08a
Argazkia: Seaska

Seaskako hainbat irakaslek brebetak zuzentzeari uko egin diote bigarren urtez, ikasleek azterketak euskaraz ezin egitea salatzeko. Ikasleek kolegioko hirugarren maila ofizialen egin beharreko frogan Matematika eta geografia-historia azterketei zientziena gehitu zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak 2017an, eta, orain, beste biak ez bezala, zientziena frantsesez egitera behartuta daude Seaskako ikasleak. Azterketa horiek zuzentzera deitutako Seaskako irakasleek deialdiaren paperak hautsi dituzte prentsaren aurrean.

Ikasketak euskaraz egiteko jarritako traben aurrean protestara eta desobedientziara jo du berriz Seaskak. Iazko ekainean ere hainbat ekimen egin zituzten, Donapaleuko zuzenketa zentroa okupatu zuten, besteak beste. Berriki epaitegietara eraman du auzia Seaskak, baina Paueko auzitegi administratiboak Baxoa euskaraz egiteko eskaera atzera bota zuen maiatzaren 31n.

Kazeta.eus atariak jaso duenez hiru dira Seaskako irakasleek egindako eskaerak. Batetik, azterketak euskaraz zuzenduak izan daitezen nahi dute. Ikasleek euskaraz erantzundako azterketak baliogabetuak, bahituak eta irakasle erdaldunen esku utzi baitituzte askotan. Azterketak euskaraz zuzentzeko nahikoa irakasle badagoela azpimarratu dute.

Bigarren, Frantziako Hezkuntza Ministerioari legea errespetatzeko eta 2019-2022 aldirako sinaturiko hitzarmena betetzeko eskatu dio Seaskak. Hirugarren, azterketak hizkuntza gutxituetan egiteko eskubidea onartzeko eskatu diote Estatuari.