Frantziako Hezkuntza Ministerioak aurten ere ez du onartu Ipar Euskal Herriko 193 ikaslek Brebetako zientzietako azterketa euskaraz egitea. Joan den urtean ere ez zuten utzi, eta ikasleek euskaraz egin zuten azterketa; irakasle erdaldunek zuzendu zituzten azterketa hauek, zenbaki eta ekuazioetan soilik oinarrituz.
Hirugarrenez, brebetako zientzietako azterketa ezingo dute euskaraz egin bost eskola eta lizeotako 193 ikaslek, frantziar Hezkuntza Ministerioak ekidinda. 2017an hasi zen hizkuntza eskubideen aurkako eraso hau, Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministroak azterketa hori frantsesez egitea nahi baitu.
Egoera honen aurrean, elkarretaratzeak deitu dituzte asteartean hiru eskoletan: Xalbador eskolan goizeko 11:15ean, Manex Erdozaintzi Etxart eskolaren parean 12:00etan eta Piarres Larzabal eskolan 12:45ean.
Euskaraz behar du izan
Ezezko hau hizkuntza eskubideen aurkakotzat jo dute, eta Seaskak gaineratu du ikasgaiak “ikasitako hizkuntzan” aztertzea eskubide bat dela. Joan den urtean antzekoa gertatu zela gogoratu dute: “Ministerioaren aginduz zientzietako gure 179 ikasleen kopiak bahituak izan ziren, ez zitzaten zuzentzaile euskaldunek zuzendu. Zuzenketa zifra eta grafikoetara mugatu zuten”.
Azken urteetan baxoa eta brebeta gutxinaka euskaratzen doaz, hori da joera. Datorren urtetik aurrera, adibidez, baxoaren zientzietako azterketa euskaraz egin ahal izango da. Joera horren aurka doa, beraz, brebetako zientzietako azterketa euskaraz ezin egin ahal izatea.