argia.eus
INPRIMATU
HITZETATIK EKINTZETARA (IV)
Brebeta euskaraz: Ez dago isunik, irakasleak kikilduko dituenik
  • Seaskako irakasle, ikasle eta gurasoen jarrera irmoa da: baxoa eta brebeta azterketak osorik euskaraz egin daitezen nahi dute, eta ekinean jarraituko dute helburu hori erdietsi arte. Elorri Falxa irakasle da Lartzabalen, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan, eta iaz uko egin zion azterketak zuzentzeko ardura ofizialari, ikasleak brebeta frantsesez egitera behartzearen “injustizia” salatzeko; zigortu egin du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Halere borrokan segitzeko duten motibazioaz mintzatu zaigu.

Leire Artola Arin 2022ko apirilaren 07a
Seaskak borroka luzea darama Ipar Euskal Herriko hizkuntza eskubideen alde, bereziki, hezkuntzari lotuta. Argazkian, Seaskaren 30. urteurren festako une bat, 2000. urtean. (Pablo S. Quiza/ Argia Fototeka)

Gero eta ikasle gehiago dituzte Seaskako ama eskolek, kolegioek eta lizeoek; Ipar Euskal Herriak euskalduntzen segitzen duen seinale. Aitzitik, gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiete ikasketak euskaraz burutzeko. 2016an erreformak egin zituzten brebeta azterketan, alegia, ikasleek kolegioko hirugarren mailan egin behar duten froga ofizialean. Matematika eta geografia-historia azterketei zientziena gehitu zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak, eta, orain, beste biak ez bezala, zientziena frantsesez egitera behartuta daude Seaskako ikasleak.

Horren aurrean mobilizazio erraldoiak egin dituzte, eta Bordeleko errektoretzari ere zuzendu zaizkie ikasle, irakasle zein gurasoak, “injustizia” hori aldatzeko eskatzeko, eta Korrika ere aldarrikapen bera egiteko probestu dute: "Brebeta euskaraz".

Manifestazioez gain, beste hainbat ekintza ere egin dituzte; izan ere, ministerioaren jarrera hertsiari ezin zaio soilik hitzekin erantzun. Desobeditzea erabaki dute: ikasleek tinko eutsi diote azterketa euskaraz egiteari, eta 2021ean irakasle andanak ohartarazi zuten uko egiten ziotela brebeta zuzentzeko ardura ofizialari. Zuzentzaile lanak egiteko deitu zituztenetatik lauk egin zioten uko; horien artean Elorri Falxa baxenabartarrak: “Gure helburua argia da eta horretan segiko dugu”, argitu du.

Argazkia: Seaska.

Falxak 2013tik dihardu Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan irakasle, eta argi du ez dutela kikilduko, ezta Hezkuntza Ministerioaren zigorrekin ere. Uko egindako Seaskako hiru irakasleei gutun bana iritsi zitzaien urtarrilean, zeinetan ohartarazten zieten soldataren zati bat kenduko zietela, azterketak ez zuzentzeagatik, greba egun bat egin balute bezala. Ez daude larrituta, inola ere: “Gu aski motibaturik gara. Gainera, sostengu handia dugu, Seaska baitugu gibelean, eta inguruko hautetsiak ere gurekin dira. Egia erran, ez digute presio handiegirik sartu, eta ez digu ideiaz aldarazi”.

Euren ideiak ez, baizik eta Frantziako Gobernuarenak dira aldarazi nahi dituztenak. Isunari errekurtsoa jarri dio Falxak, eta errektoreari igorritako gutunean zehatz-mehatz salatu du zergatik erabaki zuen azterketak ez zuzentzea: “Azpimarratu diogu ez ginela ados erabakiarekin eta berriz esplikatu diogu zerendako uko egin genuen. Azaldu diogu aterabidea haien esku zela”. Ez dute onartu azalpena, eta martxoaren amaieran heldu zaio beste eskutitz bat, zeinak berresten baitu lansaritik zati bat kenduko diotela; erantzun diote aitzakia horrek ez duela balio.

Argazkia: Olatz Artola.

Ikasleak asaldatuta

1990eko hamarkadan ere mobilizazio indartsuak izan ziren Ipar Euskal Herrian, azterketak euskaraz egin zitezen exijitzeko. Eta lortu zuten: 1994. urtetik euskaraz egin eta zuzentzen dira matematika eta geografia-historiako azterketak. Garai hartako 3. mailako kolegioko ikasleek ezin izan zuten diploma eskuratu, azterketa euskaraz egin zutelako, euren hizkuntzan. Egun, ikasleek ez dute horrekin kezkatu beharrik, notaren zati txiki bat ordezkatzen duelako zientziako azterketak: “Badakite nota txar bat ukanen dutela zientzietako azterketan, baina, hala ere, asaldatuak dira zeren eta ez dute hori merezi”. Falxak ondo daki notak ez duela erakusten haiek duten maila, eta ikasleen haserrea ulertzen du.

Ikasleak ez daude geldirik, eta inguruan sostengu bila dihardute, hainbat ekimen antolatuta. “Biziki inplikaturik eta motibaturik dira borrokan”. Hitzetatik ekintzetara pasa dira Seaskako kideak. Asalduratik aldaraztera igaro dira, euskaragatik, eta gure hizkuntzan ikasi ahal izateagatik. Ez dago geldituko dituenik, ez zigor, ez nota txar: “Sinesten dugu posible dela. Izan dira eskuin-ezker ekintzak, eta oraino izanen dira”.

2014an Alderdi Sozialistaren egoitza okupatu zuten ikastolentzat lege bat eskatzeko, euskaraz ikasteko eskubidearen alde. (Axier Lopez / ARGIA Fototeka)