argia.eus
INPRIMATU
Brebeta euskaraz egiten dutenen azterketa zuzentzeko bermeak ezarriko ditu Euskal Elkargoak
  • Brebeta euskaraz egitea erabakitzen duten ikasleen azterketak zuzentzeko egoitza publiko bat utziko dio Seaskari Euskal Elkargoak, ikastoletako irakasleek etsaminak zuzendu ditzaten. Euskaraz egindako azterketek ez dute eragin akademikorik izango, bai ordea sinbolikoa.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 21a
Argazkia: Mediabask

Kazeta.eus-en azaldu dutenez, hezkuntzan jarraitu ohi den prozedurari jarraiki egoitza bat izango dute Seaskako irakasleek, azterketen kopien zuzenketa egin ahal izateko. Brebeta ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean egingo dute ikasleek, eta zuzenketetarako egoitza uztailaren 5ean izango dute irakasleek.

Ondorioz, Seaskaren lau kolegiotan banatuta dauden 250 ikasle inguruk Zientzietako azterketa euskaraz egin ahal izango dute, hala erabakiz gero.

Erabaki honek, baina, ez du eragin akademikorik izango. Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoen aspaldiko aldarrikapena da Brebeta eta Baxoa euskaraz egin ahal izatea, baina Frantziako Gobernuak ez du halakorik baimendu. Aldarrikapena mobilizazio bilakatuta, lau egunez Baionako Ikuskaritza okupatu dute, baina ez dute erantzunik jaso ez Bordeleko Errektoretzatik ez Parisko Hezkuntza Ministeriotik ere.