Ezaguna den bezala, Frantziako Estatuak ez die uzten Ipar Euskal Herriko ikasleei Brebetaren azterketa euskaraz egiten. Brebeta da, 14-15 urteko ikasleei estatuak kolegioko eskolaratzea gainditu dutela ziurtatzeko ematen dien diploma.
Aurten ere ezin izan dute Brebeta egin hala nahi duten eta haien ikasketak euskaraz burutzen dituzten ikasleek. Alabaina, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-René Etchegarayk aitortza egin die eta, astearte honetan, diploma eman die Brebeta euskaraz egin duten ikasleei. Hori bai, banatutako diploma ez da ofiziala.
Ikasleok ez dute azterketa ofiziala gainditu, euskaraz egiteagatik 50eko puntuazio batetik lauko nota lortu baitute. Seaskako haien irakasleek, dena den, ikasleek egindako Brebetako azterketen kopiak zuzendu dituzte eta, batez beste, 28 puntu lortu dituzte.
Beheko txioan ikus daiteke diploma Etchegarairen eskutik jaso duten unea.
Brebeta euskaraz egin duten #Seaska-ko ikasleek diploma jaso dute Etchegarayren eskutik.
Euskaraz egiteagatik bataz beste 4ko nota ofiziala izan dute 50etik; baina irakasleek zuzendutako kopien noten emaitzak eman dizkie presidenteak...batez beste 28ko kalifikazioa pic.twitter.com/ztubS2Eao3
— nereaolaso (@Nereolaso) July 12, 2022