argia.eus
INPRIMATU
Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte
  • Frantziako Hezkuntza Ministerioak esan du zientzia probak ezin direla euskaraz egin. Erantzun bezala, Seskak kolegioak dituen lau herrietan mobilizazioak deitu dituzte, proba euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko asmoarekin.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 12a
Argazkia: Kazeta.eus

Brebeta euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte maiatzaren 19an. Ikasleen eskubideak defendatzera deitu dituzte herritarrak. Berriak adierazi duenez, Ziburuko Piarres Larzabal kolegiokoak Urrañan elkartuko dira, Kanbon eta Larzabalen kolegioen ondoko itzulguneetan eta Baionan, Santa Izpirituko zubian.

Haritz Larrañaga kazetariak Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eskainitako prentsaurrekoa jaso du Naiz hedabidearentzako. Eneko Aldana Ziburuko auzapezak arazoa politikoa dela azpimarratu du. 2016ko kolegioen erreformaren ondoren, Brebeta Euskal Herritik kanpo zuzentzeko erabakia hartu zuten, nahiz eta Aldanak azterketa horiek zuzentzeko pertsonal nahikoa dagoela uste. Iñaki Lekuonak, Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak ez du eragozpen honen arrazoia ulertzen: “Zeren beldur dira? Zergatik hainbeste arazo azterketak euskaraz egiteko?”.

Atzerapausoak

1999an Brebeta euskaraz egiteko eskubidea lortu zen eta Matematika eta Historia-Geografikoko probak euskaraz egin dituzte urteetan zehar. 2016an Frantziako Gobernuak erreforma egin zuen kolegioetan eta zientzia arloko gaiak sartu zituzten brebetara, eta arlo horretan azterketak frantsesez egitera behartu zituzten.