argia.eus
INPRIMATU
“Brebeta azterketak euskaraz zuzentzeko bitartekoak badira, baina ez dute nahi, erabaki politikoa da”
  • Brebeta azterketa euskaraz egiten dute Seaskako ikasleek, baina zientzietako froga euskaraz ez dakiten irakasle frantsesek zuzendu dituzte azken bi aldietan. Aurtengo azterketak euskaraz zuzenduak izan daitezela eskatu dute Seaskako irakasleek eta desobedientziaren bidean hainbat hezitzailek egindako hautua iragarri dute: brebeta azterketak zuzentzera deitzen badituzte, uko egingo diote.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 15
Argazkia: Euskal Irratiak

2017an zientzietako froga gehitu zuten brebetan, eta beste arloetan bezala, euskaraz egin zuten azterketa Seaskako ikasleek. Orduko hartan, euskaraz zuzendu zitzaien. Ez zen berdin gertatu 2018 eta 2019an. Iaz pandemiagatik ez zen brebeta azterketarik izan eta aurten, ekainaren 28an eta 29an euskaraz egiteko asmoa berretsi dute ikasleek. Euskaraz zuzenduak izan daitezela eskatu diote Seaskako bigarren mailako irakasleek Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari, gutun bidez. Ikasleek bai brebeta bai baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

 “Hizkuntz eskubideen zangopilatzea” salatu eta brebeta euskaraz zuzentzeko bitartekoak badirela nabarmendu dute, “baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du nahi, beraz erabakia politikoa da”. Akademia Ikuskaritzaren blokeoa salatu dute.

“Gure irakaskuntza eta gure hizkuntzarekiko mespretxuaren aurrean, eta gure ikasleek pairatzen duten injustiziaren aurrean, gure kontzientziak desobedientziaren bidea urratzera eraman gaitu”.

Azterketak Euskaraz kolektiboak uztailaren 1erako mobilizazioa du deitua, Donapaleun.