Jair Bolsonarok utzitako “hondamendiaren gainean” herrialdea berriz ere “altxatuko” dela iragarri du Luiz Inazio Lula da Silvak. Hazkunde ekonomikoa, gosearen aurkako neurriak edo Brasil “ingurumen potentzia” bilakatzea agindu ditu bere kargu hartze mintzaldian. Ez du legegintzaldi erraza izango Langileen Alderdiko buruzagi historikoak, besteak beste, kongresuan gutxiengoan baitago.
Brasilian egin dute presidente berria izendatzeko ekitaldia, eskuin muturraren erasoen beldurrez segurtasun neurri handien artean. Ohi bezala kongresurako bidea sabairik gabeko autoan egin du presidente berriak, atzetik milaka herritar zituela segika. Presidente berriari kargua uzten duen presidente ohiak jarri ohi dio presidente banda, baina Jair Bolsonarok AEBetara alde egin zuen ostiralean eta ez da ekitaldian izan. Bere ordez Aline Souzak jarri dio banda Lulari, 33 urteko emakume beltza, kalean kartoia jasotzea duena ogibide. Mundu osoko hemeretzi estatuburu egon dira presente ekitaldian, eta 60 herrialdek bidali dute ordezkaritza.
“Brasilgo gizartearen kontzientzia politikoari eta hauteskunde-kanpaina historiko honetan zehar osatu dugun fronte demokratikoari esker gaude gaur hemen. Demokrazia izan zen garaile nagusia hauteskunde hauetan”, hasi du bere kargu hartze hitzaldia Lulak. Bolsonarok, aldiz, “botere proiektu autoritarioa” duela salatu du, “faxismoan inspiratua”.
Herrialdea berreraiki
Bolsonarok herrialdeari “hondamendia” ekarri diola esan du Lulak: “Jasotzen dugun diagnostikoa beldurgarria da. Osasun baliabideak hustu zituzten, hezkuntza, kultura, zientzia eta teknologia desegin zituzten, ingurumenaren babesa suntsitu zuten, ez zuten baliabiderik utzi eskola-askarirako, txertoetarako, segurtasun publikorako, oihanen babeserako eta gizarte-laguntzarako. Desantolatu zituzten ekonomiaren gobernagarritasuna, finantzaketa publikoa, enpresei, ekintzaileei eta kanpo-merkataritzari emandako laguntzak, banku publikoak xahutu zituzten, ondare nazionala entregatu zuten”.
Herrialdea “berriz altxatuko” dela iragarri du Lulak, eta berreraikuntza politikoa zein ekonomikoa bultzatuko dituela. “Hazkunde ekonomikoa” agindu du, ingurumenari dagokionez zein sozialki “jasangarria” izango dena. Gogoratu du egun Brasilen 33 milioi pertsonek gosea sufritzen dutela, eta horri amaiera emateko Familia Poltsa programa berria agindu du. "Ez litzateke bidezkoa ez zuzena izango goseak dagoenari pazientzia eskatzea".
Brasil “ingurumen potentzia” bilakatu nahi duela ere esan du Lulak: “Inork ez dauka Brasilek adina baldintza ingurumen potentzia bihurtzeko: trantsizio ekologikoa hasiko dugu, eta energiarena. Gure helburua da berotegi gasik ez aireratzea, eta Amazoniaren soiltzea erabat gelditzea. Zuhaitz bat bera ere moztu gabe biziko gara”.
Gobernagarritasun zaila
Lulak ez du erraza izango agindutakoa betetzea. Batetik, Brasileko Kongresuan eskuina eta eskuin muturra dira nagusi. Bestetik, hauteskundeetarako eta gobernua osatzeko egin dituen aliantzen artean zentroko eta eskuineko sektoreak eta pertsonak ere badira, tartean, esaterako, klima aldaketaren negazionistak edo neoliberalak.