argia.eus
INPRIMATU
Brasilgo Polizia tiroka sartu da MSTko formakuntza eskolara
  • Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko Florestan Fernandes (ENFF) formakuntza eskolara sartu dira dozenaka polizia. ENFFn Brasilgo eta kanpotik joandako lagun askok ikasten dute. Oldarraldia gertatu den unean Askapenako kide bat han zegoen. Onik dagoela adierazi du.

Axier Lopez @axierL 2016ko azaroaren 04a

MSTko 14 kide atxilotzeko –tartean zuzendaritzako hainbat lagun– eta beste seiri galdeketa egiteko agindua dutela zabaldu dute. Kide horietako bat Florestan Fernandes eskolan (Guararema, Sao Paulo) zegoelakoan –ondoren ezeztatu dena–, hara azaldu da Polizia bera atxilotzera. Han ziren dozenaka lagunek Polizia eskola barruraino sartzea oztopatu dute. Agindu judizialik gabe saiatu dira atxiloketa egiten, beraz agindua lortzean litekeena da berriz Polizia eskolara sartzen saiatzea.

Eskolako atea lurrera bota eta barrura sartzeko saiakera egin dutenean tira-bira geratu da. Orduan poliziek armak atera eta zenbait tiro ere egin dute. Bala batek MSTko kide bat arin zauritu du eta bi lagun atxilotuta eraman dituzte, 72 urteko gizon bat eta eskolako aktibitateetan parte hartzen ari zen artista bat.

Eskolan parte hartzen ari zen Askapenako kide batek gertatutako guztia gertutik bizi izan du. Onik dagoela jakinarazi digute. Berarekin izan dugun solasaldia laster argitaratuko dugu.

Poliziak erabilitako balak bildu dituzte.

Florestan Fernandes eskolari buruzko artikulua Estitxu Eizagirreren blogean: "Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala"