argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Brandt eta Gorvatxov, non zaudete?
Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko martxoaren 25
Billy Brandt kantziler sozialdemokrata alemanak 'Ostpolitik' bultzatu zuen 1970eko hamarkadan.

Hitlerren armadak milioika sobietarren heriotza ekarri zuen Bigarren Mundu Gerran Sobiet Batasuna inbaditu zuenean. Gerra amaituta, Iosif Stalinen obsesioa zen Alemania eta Errusia artean babes herrialde-lerro bat osatzea; horra, besteak beste, Varsoviako Itunaren sorrera arrazoietako bat.

Bigarren Mundu Gerran AEBetan askok uste zuen Alemaniaren aurkako gerraren ondoren Sobiet Batasunaren aurkakoa etorriko zela. Eta Gerra Hotza etorri zen. Denbora horretan asko izan ziren Sobiet Batasunari eraso egiteko AEBek aurreikusitako planak. 1949an, adibidez, Dropshot Operazioak sobietarren 100 hiriri 300 bonba atomikoz eraso egitea aurreikusten zuen. Gerra Hotza AEBek eta Mendebaldeak irabazi zuten, baina urte luze horietan gure mundua hainbatetan izan zen desagertzekotan gerra nuklearraren ondorioz. Horietako larrienetakoa izan zen 1962an Kubako “misilen krisia”.

1990ean Alemania bien batasuna eman zenean, Sobiet Batasuneko mandatari nagusi Mikhail Gorbatxovek AEBen eta Mendebaldeko potentzien honako konpromisoa jaso zuen: NATO ez zen gehiago zabalduko ekialdera. Gezurra izan zen eta ondorengo hamarkadetan Errusiaren muga luze-zabalean barreiatu da NATO, Finlandiatik Turkiaraino. Ez da oso gaitza irudikatzea zein litzatekeen AEBetako mandatarien egungo erantzuna, Errusiak gaur egun Kanadan edo Mexikon gerra tresneria zabalduko balu.

Gerra Hotzean Sobiet Batasunaren indarra eta mehatxua haizatu zuten AEBek, jakinda sobietarrek ez zutela Europa edo AEBak inbaditzeko inongo asmorik. Sobietarrek ez zuten halako indarrik eta nahikoa zuten euren estutasunei aurre egitearekin. Baina arma lasterketa bidez ez zioten utzi barne mailan indartzen eta 1980ko hamarkadan sobietarrak behartu zituzten euren Produktu Nazional Gordinaren %17 xahutzera gastu militarrean, AEBek %6-7 gastatzen zutenean.

Berdintsu gertatzen da Errusiarekin gaur egun. Bai, Ukraina inbaditu zuen, bidegabe gainera eta inongo justifikaziorik gabe, baina NATOren hamarkadetako probokazioen ondoren. Errusia Europako NATOko herrialdeak baino askoz ahulagoa da ekonomikoki eta militarki, eta orain larri dabil Ukrainako Gerratik nola duin atera asmatu guran.

AEBek sobietarrekin nola, orain Europar Batasunak astintzen du Errusiaren mamua arma lasterketa berri bat bultzatzeko. Zein helbururekin? Betikoa: EBren zailtasun ekonomiko garaietan, erruduna bilatu eta etsaiaren bidez herritarrak kohesionatu; gizarteentzat egon litekeen industria mota arriskutsuenaren bidez –defentsa– ekonomia hauspotu; eta, besteak beste, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo europar ongizate estatua birrintzen jarraitzea.

Billy Brandt kantziler sozialdemokrata alemanak Ostpolitik bultzatu zuen 1970eko hamarkadan, Europako ekialdeko herrialde sozialistekin harremana estutzeko, eta Mikhail Gorvatxov buruzagi sobietarrak Europako etxe batuarekin amestu zuen. Munduaren ordena berri bat eraikitzen ari denean, EBko buruzagiek hobe lukete erreferentzi horietan oinarritzea Gerra Hotz berri batean baino.