argia.eus
INPRIMATU
Braillea euskaraz irakurri eta idazteko lehen metodoa aurkeztu dute
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailak "Punttuka" metodoa aurkeztu du maiatzaren 10ean. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako materiala da, bai tintaz bai Braillez, eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) Ikusmen Taldeak egin du. Metodo honen bidez ikusmen-urritasuna duten euskal hiztunei alfabetatzea erraztea da bere helburua, eta hezkuntza-inklusioan "urrats garrantzitsua" ematea. Fonemak bertso eta olerki bidez aurkezten ditu.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 11

2018tik 2021era aritu dira CREENAko langile hauek metodoaren kartillak eta baliabide osagarriak sortzen: Puri Mugiro Sorabilla, Isabel Santesteban Ezcurra, Sandra Navarro Balaguer eta Manuel del Portillo Elcano. Material guztia da egokia Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat eta eskolatzearen edozein unetan Braille ikasi behar duten ikasle guztientzat.

CREENAko Ikusmen Taldearen helburu nagusia da ikusmen-urritasuna duten ikasleen eskola- eta gizarte-inklusio osoa lortzea. Lan hori burutzeko ONCE erakundearekin lankidetza-hitzarmena dauka. Materiala "berritzailea eta inklusiboa" izatea nahi zuten, ikaskideekin partekatzeko aukera emango zuena, "benetako inklusioa" sustatzeko.

Irudikapen-bitarteko ugari eskaintzen ditu: bi dimentsioko irudiak sartzea, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen ikusmena eta ukimen aktiboa hobetzeko; hiru dimentsioko objektuak sartzea, edukia hobeto ulertzeko; eta QR kodeen bidez soinu-edukiak sartzea.

Lehen irakaslearekin bakarrik ikasten zuela eta orain lagunekin materiala partekatu dezakeela dio bideoan ikusmen-urritasuna duen bideoak (ikus beherago): "Ongi pasatzen dugu, ikasten dugu eta gainera euskaraz dago".

Fonemak bertso eta olerki bidez

Punttuka metodoak tradizioarekin duen lotura nabarmendu dute aurkezpenean. Izan ere, fonemak bertso, olerki eta abarren bidez aurkezten ditu, gaur egungo teknologiekin: QR kodeen bidez eskuratzen dira bertsoak.

Punttukak 34 kartilla ditu, eta horietan honako hauek sartzen dira: fonema guztiak, alderantzizko silabak, letra larriko zeinua, fonema bikoitzak eta puntuazio-zeinuak. Erabilitako hiztegia Nafarroako euskararen hiztegi ohikoenak barne hartuta hautatu da, eta, ikaskuntza-ordenan, Braillearen berezitasunak eta euskararen ezaugarriak hartu dira kontuan, 1993an Bilboko CRIk (Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusiorako Baliabideen Zentroa) landu zuen lehen kartillan ezarrita zeudenak.

Puntukak baliabide osagarriak ere baditu, hala nola QR kodearen bidez horien lokuzioa duten poesiak biltzen dituen liburu bat; bideoekin lotzen diren QR kodeak dituen dokumentu bat, bertso, kantu eta olerkiekin; 5 bagoi dituen jostailuzko tren bat, zuzeneko eta alderantzizko silabak eta kartillen osagarri diren hiru dimentsioko objektuak lantzeko.

Hona metodoa aurkeztuz landu duten bideoa: