Goizean senatariek alde bozkaturik, Frantziako Gobernuko ordezkariak batu dira ostegun arratsalde honetarako diputatuen bozketei buruzko aurre-kalkuluak egiteko. Emmanuel Macron eta Elisabeth Borne Lehen ministroaren erabakia jakin berri dugu, saioa hasteko minutu gutxi eskas zituztela: ez dute arriskurik hartuko erreforma bozkaraziz, hots, Konstituzioko 49.3 artikuluari esker pasaraziko du erreforma. Erantzun gisa, zentsura mozioak aurkeztuko ditu oposizioak.
Langile sindikatu guziak dira erretreten erreformaren aurka borrokan, herritarren gehiengoa ere da aurka (%32aren sostengua du erreformak, Ifop-en azken galdeketaren arabera) eta diputatuen aldetik ere botoa ez zuen segurra. Baina, erreforma bai ala bai pasatzeko posturarekin jarraituz, eztabaida eta demokraziaren sinonimo den bozketaren bidea saihestea erabaki du Frantziako Gobernuak: Konstituzioaren 49.3 artikuluari esker pasako du erretreten erreforma –bozketa saihesteko bidea dakar artikulu horrek–. Oihu eta txistu artean eman du erabakiaren berri Elisabeth Borne Lehen ministroak:
Arratsalde honetan zuten testua bozkatzekoa diputatuek, eta lehia oso estua aurreikusten zuen Olivier Dussopt Lan ministroak: gehiengoaren babesa ez zuen segurtatua, eta bai ala bai eskuineko LR Errepublikanoak diputatuen babesa beharko zuen erreforma pasatzeko. Gauza da, eguerdi honetan Macronen inguruko talde politikoek egindako kalkuluei segi sostengu hori ez zuela argi. LR Errepublikanoak taldeko 61 diputatuetatik hogei inguruk dute argiki adierazi aurka bozkatuko luketela, beste hamar batek ez dute beraien botoa argitu. Arriskutsuegia gobernuarentzat, berme hori gabe ezinezkoa duelako erreformaren bozketa.
Matematikoa da kontua: Legebiltzarreko 577 diputatuetatik 250 dira Macronen ingurukoak –170 bere alderdikoak eta beste 80 zentrista–, beraz, beste 39 boto beharrezkoak ditu gehiengoa lortzeko. Ez ditu ezkerrean jasoko, ezta ere eskuin muturrean, eta LR eskuinaren partetik behar ditu 40 bat boto –jakinik, Macronen aldeko bakar batzuk testuaren aurka bozkatuko dutela, edo abstenituko direla–.
Ez zaio nahikoa izan beraz, bezperan CMP batzorde misto paritarioak erreformaren azken bertsioari bideraturiko babesa: hamalau parlamentarietatik hamarrek alde bozkatu dute –tartean direla LReko lauak–. Horretara heltzeko eskuineko emendakin ia guziak onartu zituzten Macronen aldeko ordezkariek. Lasaitzea ekarri zion, duda gabe, gobernuari bozketa horrek, nahiz eta ez zaion nahikoa izan. Senatuan, haatik, babes zabala jaso du erreformak martxoaren 16ko goizean: : 193 alde, 114 aurka eta 38 abstentzio.
49.3 artikuluaren erabilpenak dakar oposizioak zentsura mozioa aurkezteko duen aukera. Oraingoz badakigu ezkerrak aurkeztuko duela bat, eskuin muturrak ere bai, eta babes anitzagoa jasoko lukeen hirugarren bat ere aurkeztu du Liot oposizioan dagoen talde zentristak –jakin izan denez, LR Errepublikanoak taldeko batzuk babestuko lukete testu hori–.
Zentsura mozioak gehiengoaren bozketa balu orduan gobernua eroriko litzateke eta berriz ere izanen lirateke Legebiltzarrerako hauteskundeak. Nola ez, ezker muturrak eskuin muturraren sostengua beharrezkoa du eta gauza bera Marine Le Penenentzat, bere zentsura mozioa ez da pasako ezkerraren sostengurik gabe. Erretreten erreformari dagokionez, Le Penek jakitera eman du zentsura mozio guztiei sostengua adieraziko zuela, ezkerrak, ordea, ez du eskuin muturrari keinurik egin nahi. Hori horrela, izatekotan Liot zentristen bidea da emankorrena.
Bitartean, haserrea entzunarazten dabiltza milaka herritar, Legebiltzarraren aitzinetik: