argia.eus
INPRIMATU
Bozkatzera deitutakoen %24,83k eman du botoa estatus politikoari buruzko galdeketetan
  • 124.274 pertsona deituak zituen Gure Esku Dagok igande honetako herri galdeketara, eta horien %24,83k bozkatu dute: 30.862k. Tolosaldean, Oarsoaldean, Astigarragan, Hernanin eta Larrabetzun antolatu dituzte galdeketak, 35 herritan denera.

Lukas Barandiaran San Roman Asier Iturralde Sarasola @aldatsa 2017ko martxoaren 20a
Igandeko galdeketaren irudi bat. (Arg.: Gure Esku Dago) Igandeko galdeketaren irudi bat. (Arg.: Gure Esku Dago)

Parte-hartzea askoa aldatu da herri txikietatik handietara. Orexan bozkatzera deitutakoen %82,11k bozkatu dute, eta Errenterian, atzo galdeketa egin zen herrietatik handiena, %13,54k.

Jasotako bozen %95,84k baiezkoaren alde egin dute, eta %2,63k, berriz, kontra egin dute.

2014an Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga-Zollo izan ziren aitzindariak galdeketak egiten. Joan den urtean beste 36 herrik eduki zuten galdeketa egiteko aukera. Atzokoarekin, jada 70.000 pertsona inguruk eman dute bozka herri galdeketetan.

Berria-k Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko kidearen hitzak jaso ditu. Esan du ez dela kontuan hartu behar zenbat jendek parte hartzen duen soilik, baizik eta eztabaida zein testuingurutan egiten den. Eztabaidak anitza izan behar duela azpimarratu, eta hori lortzen ari direla erantsi du.

Herritarrek Euskal Herri independente batean bizi nahi duten ala ez galdetu dute galdeketetan. Galderaren muina bera bazen ere, galderaren formulazioa ez zen berdina leku guztietan:

Tolosaldea: 'Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?'

Oarsoaldean:

Lezo: 'Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?'

Oiartzun: 'Nahi al duzu euskal estatu bateko herritarra izan?'

Pasaia: 'Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?'

Errenteria: 1) 'Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin?' 2) 'Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?'

Astigarraga eta Hernani: 'Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?'

Larrabetzu: 'Euskal estatu burujabe bateko herritar izan gura dozu?'

Hemen dituzue orain arte egin diren galdeketa guztien mapa interaktiboak, grafikoak eta herriz herriko emaitzak: