47.029 herritar zeuden deituak igandean Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruan bozkatzera eta 13.280k eman dute boza. Parte hartzea handiagoa izan da Busturialdean (%32) Arrigorriagan baino (%14,5). Boza gehienak (%95,24) independentziaren aldekoak izan dira.
Busturialdeako hamazazpi herritan eta Arrigorriagan egin dituzte Gure Esku Dagoren galdeketak. Busturialdean deitutakoen %32k eman du botoa eta Arrigorriagan %14,5ek. Parte-hartze altuena izan duen herria Kalana izan da, %78,95. Gernika-Lumon parte hartzea %27,5ekoa izan da eta Bermeon %26,3koa.
Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruz bozkatu behar zuten herritarrek, eta %95,24ak independentziaren alde bozkatu du. Ezezko botoak %2,82 izan dira eta zuriak %1,27.
“2017ko galdeketen olatua indartsu zetorrela esan genuen eta esandakoa gauzatzen ari gara; olatuz olatu eta herriz herri”, adierazi du Ana Tere Bengoetxea Gure Esku Dago-ko kideak, “herritarren botoarekin herri honek pauso bat gehiago eman du bere etorkizuna libreki erabakitzeko bidean”.