Bozkak hemen daude eta hainbat dira paper bat edo bestea kutxan sartzera eramango gaituzten argudioak; guk geure hariari tiraka basora begira jarri nahi zaituztegu.
Baina zer da basoa? Forestalistek baso-landaketa bezalako hitz bihurriak erabiltzen dituzte, bere monolaborantza justifikatzeko garai berde hauetan, baina errealitatea tematia da. Balkoira edota kalera atera bezain laster pinuen eta eukaliptoen landaketa izugarriek inguratzen gaituzte, eta hori besterik ezagutu ez dugu gutako gehienok normaltzat hartzen dugu.
Berde guztiak ez dira basoak, lagun, findu begirada eta erraz ohartuko zara hori guztia basamortu berdea dela, bioaniztasuna aspaldi lur horietatik kanporatu baitzen. Gainontzeko ondorioak ere ez dira makalak: gehiegizko ur xurgaketa, lurraren higadura, suteentzako erregai aparta, osasun psikikoaren zein fisikoaren kalteak, zerbitzu ekosistemikoen ukazioa, eta horri guztiari gehitu kalte ekonomikoak, sistema publikoak ordaintzen amaituko dituenak. Denon artean ordaindu behar ditugu monolaborantzak eta ezinbestekoa duen sistema guztiak (makinaria astuna, arraseko mozketa, pisten mantenua, etab) sortutako kalte ekonomikoak, eta irabazi handienak sektoreko enpresetan geratzen dira.
Norbaitek esan ahal digu: "Eta bozkatzeko papera eta propaganda zerez egina dago, nondik atera dela uste duzue, iluminatu halakoak?
Gure azterketak dio aski litzatekeela monolaborantza azalera %14ra jaistea gure beharrak asetzeko. Hortik aurrera landatzen dena sektoreko enpresen irabazien mesederako da, ez gizartearen onurarako
Baso Biziak Plataformak onartzen du EAEko egur eta eratorrietarako monolaborantza mugatuaren beharra, eta horregatik, jakiteko zenbat hektarea beharko genituzkeen gaurko kontsumoa ziurtatzeko, birziklaketarekin batera, azterketa bat egin genuen eta emaitza oso argia izan zen: gaur egungo monolaborantzaren azalera hiru lurraldetan %52 da (Araban %20, Bizkaian %78 eta Gipuzkoan %60) bertakoen %48aren aurrean. Gure azterketak dio aski litzatekeela monolaborantza azalera %14ra jaistea gure beharrak asetzeko. Hortik aurrera landatzen dena sektoreko enpresen irabazien mesederako da, ez gizartearen onurarako, argi gera bedi.
Hauteskunde kanpainan monolaborantzaren defendatzaileak perla batzuk errepikatzen ari dira behin eta berriro, komunikabideen laguntza apartarekin. Hona hemen batzuk:
Gipuzkoako Baso Elkarteak zera dio: "Gipuzkoako mendiko berehalako oreka-haustura horrek kalte handia eragin liezaioke zenbait urte barru Gipuzkoako gizarte osoari, eta badirudi ez garela horretaz jabetzen".
Nortzuk izan dira oreka hautsi dutenak 60 urteko monolaborantzan? Beraiek bultzatu zuten politika hori, Foru Aldundien oniritziarekin. Eta orain natura berreskuratzen ari denean, pinuen gaixotasunagatik, zer eta "berehalako arriskua" etiketa jartzen diote. Larrua behar da gero.
Eta Foru Aldundiez ari garenez hona hemen Gipuzkoako EAJren hautagaia den Eider Mendozak dioena: Gipuzkoako %62 basoa da; ez, ez da basoa zoritxarrez, baina adierazpen horien atzetik dagoena zera da: Diputazio honek sortutako fundazio berri baten filosofia, beraiek BASOTIK deitzen diotena, nahiz eta erregistroan ez den esistitzen izen horrekin, BSTK gisa baizik. Euren asmoa da makroenpresa bat sortzea sektorea kudeatzeko, eta monolaborantza babesten duten hainbat argudio sasi-ekologista erabiltzen dituzte: CO2 xurgaketa, biomasa ekologikoa, eta abar, beti ere Europako laguntzak eskuratzeko asmoz.
Baina asmo guztiak ez dira ezkorrak izan Jaurlaritzaren aldetik, horregatik, geuk ere defendatzen dugu, zentzu batzuetan, 1994-2030 BASO PLANGINTZA. Hor, 1989an sua hartu zuten 20.000 hektarea pinuk eragin zituzten arriskuetan oinarrituta, higadura handiko lurrena bereziki, Jaurlaritzak plan hau diseinatu zuen, 112.000 hektarea baso babesle gisa ezartzeko helburuz. Gaur da eguna hektarea bat bere ere ez dutela martxan jarri. Zeren zain zaude, Jaurlaritza? Klima aldaketa gainean dugu eta ez digu barkatuko zuen utzikeria.
Hori horrela, gure ikuspuntutik ondorengo proposamen hauek eskatu beharko genituzke M28an (bozkatzera bazoazte, behintzat): Espazio berdeak eta korridore ekologikoak handitzea, kontserbazio basoak errespetatzea (azterketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu du jada), gure iturriak eta akuiferoak ziurtatzea, baso jangarriak lehen sektorearekin batera garatzea, eta hurbileko baso ekoizpen jasangarria ziurtatzea.
Beraz, basoa ala monolaborantza bozkatuko duzu? Guk oso garbi daukagu.
Edu Zabala, Baso Biziak plataforma