PSEko kideek hauteskundeetan izandako emaitzak aztertuko dituzte, irailerako ezohiko kongresura deitu eta zuzendaritza berritu asmoz. Bilboko Euskalduna Jauregian bilduko dira astearte arratsaldean.
Patxi Lopezek emango dio hasiera bilerari, emaitzak aztertzeko txosten batekin. Alderdi sozialistako zuzendaritza berritzeko irailean jazoko den ezohiko kongresua ere aurkeztuko du, eta horren ostean, idazkari nagusiaren kargua utziko du.
Berritu beharraren aurrean, Jesus Egigurenek esan du ez duela aukerarik baztertzen, ezta bere burua Lopezek utzitako kargurako aurkeztea ere. Hala ere, Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketan esandakoaren arabera, ez du uste bera denik alderdiaren gidaritzarako hautagairik egokiena.
Lopezen ondorengoa Idoia Mendia izatearen aukera errespetatu arren, jende berria ikustea gustatuko litzaiokeela adierazi du Egigurenek. Rubalcabaren ondorengoa militante guztien artean baino, delegatuek erabaki behar luketela deritzo eta bere ustez, Patxi Lopez bera izango litzateke hautagairik aproposena.