argia.eus
INPRIMATU
Usansolok hitz egin du: boto-emaileen %90 udalerri bihurtzearen alde
  • 3.000 herritarrek zuten boto eskubidea Usansolo udalerri bihurtzeari buruzko galdeketan eta %73k bozkatu dute, horietatik %90ek desanexioaren alde. Galdeketa Usansolo Herria plataformak antolatu du eta ez du balio juridikorik.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko azaroaren 24a
Herritarrak Usansolo Herria plataformak antolatutako galdeketan parte hartzen. (Argazkia: www.eitb.com)

Gaur egun Galdakaoko auzo dena udalerri bihurtzea nahi duten edo ez bozkatu dute, eta antolatzaileak “gustura” azaldu dira parte hartzearekin, haien hitzetan, aurreikuspenak gainditu dituztelako.

Orain, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko diote herri berriak sortzea eragozten duen foru legea alda dezala, Usansoloko desanexio prozesua has dadin.

Galdakaoko Udalak 2015ean galdetu nahi du

Ibon Uribe Galdakaoko alkateak 2015eko otsailerako aurreikusten du gaiari buruzko galdeketa, behin aipatutako legea aldatuta.

Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailearen hitzetan, kontsultak ez dauka "ez balio juridikorik ez politikorik". Rementeriaren iritziz Ibon Uribek proposatutako bide-orria da jarraitu beharrekoa, beti ere “marko legal eta politikoen” barruan.

Hala ere, Aldundiko bozeramaileak esan du galdeketa ofiziala egin aurretik hainbat kontu argitu behar direla, udal berriaren mugak eta haren bideragarritasuna, esaterako.

Usansolo Herriako bozeramaile Monika Menaren esanetan, mugak ondo finkatuta daude 1991tik, Usansolo Galdakaotik bereizteko prozesua hasi eta gutxira sortutako Kudeaketa Batzorde batek ezarrita. Bideragarritasun ekonomikoa, berriz, hainbat ikerketak frogatu dute, Usansolo Herriak aldarrikatzen duenez; azkenekoa, EHUk egindakoa, urriaren 29an aurkeztu zuten. 

Bestalde, galdeketak balio politiko erabatekoa daukala adierazi du Usansolo Herriak. Plataformak bi zinegotzi ditu Galdakaoko Udaletxean, 2011ko udal hauteskundeetan Usansolon aise gailendu eta gero. "EAJk horren balioa ukatzen du, ordea", adierazi digu Monika Menak. 

Ukazio horri aurre egiteko deitu zuten, hain zuzen, desanexioari buruzko erreferenduma: "Galdakaon, eta Bilbon, herri honek zer izan gura duen entzun dezatela".