SigmaDos etxearen arabera, PPk 145 eta 150 eserlekuren artean eskuratuko lituzke, eta Vox-ek 24 eta 27ren artean. Alegia, bien artean gehiengoa osatzeko (176) inkesta horren emaitzarik onenak beharko lituzkete. Aldiz, historikoki PPren aldera egin ohi duen GAD3 etxearen arabera, PPk 150 lituzke eta Vox-ek 31.
SigmaDos etxeak Espainiako Estatuko telebista publikoentzat eginiko inkestaren arabera, aurreko galdeketek adierazi bezala, PPk irabaziko lituzke hauteskundeak. PSOEk uste baino gutxiago galduko luke (120 zituen lehen; orain, 113 eta 118 artean lituzke). Sumar-ek, Podemosek zituen eserlekuei eutsi eta gora egingo luke apur bat (26tik 28-31ra).
PPk, baina, PSOEk eta Sumar-ek baino eserleku gehiago eskuratuko lituzke Espainiako Kongresuan. Izan ere, SigmaDos-ek 145 eta 150en artean ematen dizkie popularrei (azken hauteskundeetan 88 zituen). Espero bezala Vox-en laguntza beharko luke gobernua osatzeko, eta aukerak dituzten arren, inkestak emandako emaitzarik onenak eskuratu beharko lituzkete (52 zituen Vox-ek; inkestaren arabera, 24 eta 27 artean eskuratuko lituzke). Vox-en jaitsiera nabarmena da, eta bistakoa da PPren alde jo dutela boto emaile askok.
GAD3-ren inkesta: PP eta Vox-en gobernu aukera
GAD3 etxearen inkestek sarri jo dute PPren aldera, eta oraingoan, Mediaset-entzat, boto-kutxak itxi berritan kaleratu duten inkestan, PPren eta Vox-en gobernua aurreikusi daiteke.
PPk 150 eserleku eskuratuko lituzkeela dio GAD3-ek, eta Vox-ek, berriz, 27. Alegia, eserleku batengatik gaindituko lukete gehiengoa osatzeko eserleku kopurua, 176.
PSOEk, bestalde, 112 eserleku eskuratuko lituzke inkesta horren arabera, eta Sumar-ek 27.