argia.eus
INPRIMATU
Boto baliogabeei esker lortu du eskuinak garaipena Ekuadorren
  • Guillermo Lasso hautagai kontserbadoreak irabazi ditu Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeak. Yaku Pérez hautagai indigenistak iruzurra salatu zuen lehenengo itzulian eta bigarren honetan boto baliogabea eskatu zuen. Eskuinak bost puntuko aldeaz irabazi dio Andrés Arauzi, Rafael Correa presidente ohiaren jarraitzaile ezkertiarrari.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 12a
Argazkia: CREO mugimendua.

CREO-PSC aliantza kontserbadoreak botoen %52,5 jaso du eta oso gertu gelditu da Unión Por la Esperanza (UNES) ezkerreko aliantza, zeinak Andrés Arauz zuen presidentetzarako hautagai. Arauz Rafael Correaren ondorengo politikoa da. Correa 2007tik 2017ra bitarte izan zen Ekuadorko presidente.

Yaku Pérez hautagaiak ez du parte hartu

Otsailaren 7an egindako lehen itzulian iruzurra salatu zuen Yaku Pérez hautagai indigenistak. Helegiteak jarri zituen, baina boto kontaketak ez ziren errepikatu. Bigarren itzulitik kanpo gelditu zen. Presidentegaiak bigarren itzulian boto baliogabea ematea eskatu zuen. Boto baliogabeak %16,25 izan dira eta portzentaje ohikoa %9 inguruan ibiltzen da. Hau da, 1,6 milioi boto baliogabe izan dira.